NAIZ.INFO
GASTEIZ

Gregorio Monrealek jasoko du Euskadi Ikerkuntza Saria

Gregorio Monreal Zia historialari eta legegizonak eskuratu du Lakuako Gobernuak sustatzen duen 2013ko Euskadi Ikerkuntza Saria. Jarduera zientifikoa bultzatzea du helburu.

Gregorio Monreal (eskuinean), EHUren sorreraren 25. urteurrenean, Juan Ignacio Perez errektore ohiarekin batera. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Gregorio Monreal (eskuinean), EHUren sorreraren 25. urteurrenean, Juan Ignacio Perez errektore ohiarekin batera. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Gregorio Monreleal Zia historialari eta legegizonari eman dio Lakuako Gobernuak 2013. urteari dagokion Euskadi Ikerkuntza Saria. Zientzia eta teknologia alorreko profesionalen lana aitortzen du sariak eta 40.000 euroko dotazioa du.

Monreal aurten zeuden hamabi hautagaien artean hautatu du epaimahaiak. Euskal Herriko ikasketa historiko eta juridikoen berrikuntzan egin duen «aparteko ekarpena» aitortu nahi izan du.

«Bere ikerketetan, Gregorio Monrealek azalera atera du euskal erakunde publikoen garrantzia, herri baten nortasunaren erakusle gisa, eta mendeetan zehar iraun duen parte hartze eta askatasun espirituaren erakusle gisa», nabarmendu du.

Horrekin batera, epaimahaiak azpimarratu du Monreaek eginiko ekarpena «Euskadiko jakintza eremu guztietan lehen mailako ikerketa erraztuko zuten baldintza sozialak garatu ahal izan zitezen».

Monreal Zuzenbidearen eta Erakundeen Historian Katedradun Emeritua da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP); bere irakasle ibilbide gehiena unibertsitate horri eta Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) lotuta garatu du. 1981 eta 1985 artean azken horretako errektore izan zen.