NAIZ.INFO
IRUÑEA

Fernando Sota euskal presoa Badajozera urrunduko dute

Tafallako euskal presoa Badajozera urrunduko dutela iragarri du Ahotsa.info webguneak. Maiatzaren 4ean atxilotu zuten urtebeteko espetxe zigorra betetzeko, herriko presoen argazkiak kalean jarrita «terrorismoa goratzea» egotzita.

Fernando Sota atxilo eraman zuten unea. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Fernando Sota atxilo eraman zuten unea. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Fernando Sota preso tafallarrari lehen gradua –gogorrena– ezarri diotela adierazi du Ahotsa.info-k, eta iragarri laster Badajozeko espetxera urrunduko dutela, etxetik 750 kilometrora.

Iragan maiatzaren 4ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, bere aldeko manifestazio batean, Audientzia Nazional espainolak ezarritako urtebeteko espetxe zigorra bete zezan.

Ordutik Iruñeko espetxean eduki dute.

Tafallako kaleetan herriko bi presoren argazkiak jartzeagatik epaitu eta zigortu zuten Sota.

Zigorra bi urteko baino gutxiagokoa izan arren, tafallarra atxilotzeko agindua eman zuen Madrilgo epaitegiak.