naiz
donostia

Urquijoren helegiteak «eraso larritzat» jo ditu Udalbiltzak

Udalbiltza Partzuergoari diru ekarpenak egiten dizkioten udalen aurka Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok aurkeztu dituen helegiteak «udal autonomiaren eta tokiko erakundeen lankidetzarako duten eskubidearen aurkako eraso larria» direla salatu du Udalbiltzak.

Mertxe Aizpurua, kaltetutako udaletako ordezkariekin batera, Miramar Jauregian egindako agerraldian. (UDALBILTZA)
Mertxe Aizpurua, kaltetutako udaletako ordezkariekin batera, Miramar Jauregian egindako agerraldian. (UDALBILTZA)

Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijo «sistematikoki helegiteak» jartzen ari da auzitegietan Udalbiltza Partzuergoari diru ekarpena egiten dioten udalen ebazpenen aurka. Dagoeneko 18 udalek eskuratu dute errekerimendua, baina beste askok ere jaso lezakete. Lehendabiziko epaiketa azaroaren 11n egingo da, Irurako udal akordio baten aurka.

Udalbiltza Partzuergoari diru ekarpenak egiten dizkioten udalen aurka heltzen ari diren helegite andana baloratu du gaur goizean Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak. Kaltetutako herrien ordezkariekin lagunduta, Carlos Urquijoren ekimena «Udalbiltzari, erakunde publiko bezala, botatako hordagoa» dela adierazi du.

«Horren bidez, eten nahi dituzte zenbait erakunde eta eragile sozialekin batera sustatzen ari garen jardunak herri hau garatu eta kohesionatzeko», adierazi du Aizpuruak Miramar Jauregian egindako agerraldian.

Horrez gain, Udalbiltza Partzuergoaren zilegitasuna defendatu du, «euskal udalek partzuergoetan antolatzeko eskubidea dutelako eta beste udal batzuekin hitzarmenak izenpetzeko ahalmena ere badutelako, batez ere, hiru administrazio eremu ezberdinetan banaturik egonik horren zaila denean lankidetza gauzatzea guztionak diren hainbat alorretan».

Era berean, udalek partzuergoari egiten dizkioten ekarpenen bidezkotasuna eta herri onura babestu ditu. Izan ere, «partzuergoaren helburuek bat egiten baitute udalek dituzten eskumenekin, eta ekarpen hauek, gainera, tokiko garapenean zein udalentzako eta herritarrentzako zerbitzuetan itzultzen baitira».