Erritu-krimenez ari den ‘Txarriboda’ filma bihar iritsiko da zinema aretoetara

Javier Rebollo eta Alvar Gordejuelak zuzendutako euskarazko filmak diru beharrean den enpresari batek (Mikel Losada) burutzen dituen erailketak eta hiltzailearen bilaketan tematuko den polizia (Itziar Atienza) ditu protagonista.

Amalur ARTOLA|09/04/2015 15:05
Txarriboda
‘Txarriboda’ filmeko zuzendari eta aktoreak, gaur Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

‘Alaba zintzoa’ (2013) filmaren ostean Gordejuelak eta Rebollok elkarlanean egiten duten bigarren filma da ‘Txarriboda’ eta, bigarrenaren hitzetan, honetan ere oso presente dago diru gosea: «Krisi egoera honetan diru beharrean den pertsona ze muturrera arte irits daitekeen ikertu nahi izan dugu eta, nolabait, bada egungo diru gose edo diru nahiaren kritika ere».

Hala ere, filmaren muina erritu-krimenetan eta «gizakiaren alderik illunena» agerraraztean dagoela gaineratu du Rebollok. «Franek (Mikel Losada) edozer egingo luke diruagatik, hori da bere alde ilunena agertzea bideratzen duena. Klarak, aldiz, (Itziar Atienzak antzeztutako polizia) arrazoi oso pertsonalak izango ditu krimenak argitu eta justizia bilatzeko».

Rebollok filmatze-prozesua «konplexua» izan dela gaineratu du, «batez ere kanpoko eszena asko genituelako». Trama nagusia Bilbon gertatzen bada ere, Bizkaiko kostaldeko hainbat lekutan filmatu da ‘Txarriboda’, besteren artean Gaztelugatxen.

Filma euskaraz estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan (azpititulatuta). Gaztelaniara bikoiztutako bertsioa ere bihar estreinatuko da, Estatu espainoleko aretoetan.