NAIZ
DONOSTIA

Xabier Alegria aske geratu da, guztira ia hamaika urte espetxean egin ostean

Xabier Alegria euskal presoa aske geratu da gaur goizean, guztira ia hamaika urte espetxean egin ostean. 18/98 auziaren baitan zigortu zuten, ‘Egin’ atalean. Espetxetik atera berritan, kartzela «bizirik ateratzeko borroka bat» dela eta senideek asteburuoro egin behar izaten dituzten milaka kilometroez «Euskal Herriaren taupada sinestezina» dela adierazi du.

Xabier Alegriari ongietorria eman diote Lezon. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Xabier Alegriari ongietorria eman diote Lezon. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Xabier Alegria Puerto III espetxetik atera da gaur goizean. Guztira hamaika urte egin ditu preso, horietatik azkeneko ia zortziak jarraian.

Lezoko bizilaguna 18/98 auziaren baitan atxilotu eta espetxeratu zuten lehendabizi, ‘Egin’ atalean, eta urtebete egin zuen preso. Ondoren, Ekinen aurkako sarekadan atzeman zuten, 2000. urtean, eta berriro espetxeratu egin zuten.

2003ko otsailean ‘Egunkaria’ren aurkako operazioan atxilotu zuten eta tortura gogorrak salatu zituen. Orduan ere kartzelara bidali zuten.

Udalbiltzaren aurkako auzia iritsi zen ondoren eta hor ere prozesatu egin zuten, oraindik preso zegoela, baina auzi horretan absolbitu egin zuten eta 2004ko abenduan aske geratu zen.

2007ko azaroaren 30ean atxilotu zuten azkenekoz Alegria, 18/98 auziaren baitan Auzitegi Nazionalak 18 urteko zigorra ezarri ondoren –Auzitegi Gorenak gero 12 urte eta 9 hilabetera jaitsi zion–. Ordutik kartzelan izan da.

Alegria: «Sinestezina da Euskal Herriaren taupada»

Errepidean, Andaluziatik Gaztela aldera, «hor nonbait» erantzun dio NAIZen deiari Alegriak. Atzeko eserlekuaren erdian jarrita, etxekoekin. Lasai dago eta, umorez dioskun bezala, abizenari omen eginez, alaitasunez beteta, ohi bezala baina gaur gehiago.

Zorionak eman eta hori familiakoei eta lagunei erran behar diegula erantzun digu, «milaka kilometro kendu dituztelako gainetik». Espetxea gibelean uzten duen laugarren aldia da; aurreneko hiruretan ezustean izan zen, baina oraingoan bazekien eta horrek barrenean gelditu diren lagunak agurtu eta besarkatzeko aukera eman dio. Pozik dago horregatik. Lagun batek, Unaik, erran bezala, «doi-doi» atera da malkorik isuri gabe.

Puerto IIIko atean etxekoak zituen zain. Ama duela bi urte hil zitzaion eta geroztik emaztearen, Itziarren, ama erraten hasi omen zen berak ere ez zuela gehiago Xabier ikusiko. 83 urteko emakumeak hala zioen atzo: «Kontuz, ea ateratzen den...».

Alegriarentzat, gogorrena zulo berean berekin egondako Arkaitz Bellonez oroitzea izan da eta galdetzea ea zergatik ez zen garaiz atera. Duela urtebete pasatxo, atzeratzekotan zenean hil zen Arkaitz eta gaur bere neska-lagunaren agurra jaso du Xabierrek.

Bitxikeria bezala, milaka agur jaso dituela komentatu du, baina denak mezuak. Deiak, adineko jendearenak eta kazetarionak soilik. Kartzelan harrapatu du WhatsApparen iraultzak eta harrituta gelditu da denak mugikorrera begira ikusita.

Batzuetan ahantzi arren, kartzela «bizirik ateratzeko borroka bat» dela eta bertatik onik ateratzea lorpen bat dela azpimarratu du, bai barruan daudenentzat bai kanpoko senide eta lagunentzat. «Zazpi urte eta erdian, milaka kilometro joan eta beste hainbeste etorri, eta beti izan ditut bisitak. Ulertezina, sinestezina da Euskal Herriaren taupada», adierazi du hunkituta. «Guinnessik ba al da?», segitu du txantxetan. «Eman diezagutela zerbeza».

Orain, begiratzea eta pixkanaka-pixkanaka kanpoko bizitzari berrekitea dagokio. «Zer edo zer egingo dugu. Badira gauza zoragarriak, txikiak, kimuak, gauza oso politak hainbat lekutan egiten ari direnak eta ikusiko dugu non egiten diguten tokia. Baina lehenengo gauza etxekoak zaintzea da, zor diegu».