NAIZ
BILBO

Ibon Iparragirreren askatasuna exijitu eta hiesaren «erabilera politikoa» gaitzetsi dute

Ehunka lagunek manifestazioa egin dute Ondarroan, larriki gaixo dagoen Ibon Iparragirre presoaren «berehalako askatasuna» exijitu eta hiesaren «erabilera politikoa» salatzeko.

Ibon Iparragirreren askatasuna exijitzeko manifestazioa, Ondarroan. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Ibon Iparragirreren askatasuna exijitzeko manifestazioa, Ondarroan. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Iparra Galdu Baik plataformak eta Kitzikan mugimenduak deituta, ehunka lagun bildu dira Ondarroan, Ibon Iparragirreren «berehalako eta baldintzarik gabeko askatasuna» exijitzeko.

Gogoratu dutenez, Iparragirrek gaixotasun kroniko, sendaezin eta endekapenezkoa dauka. «Epaileak berak, Iboni 1-5 urteko bizitza gelditzen zaiola onartzen du, baina hala ere kartzelan mantentzea erabaki du», salatu dute.

Zentzu horretan, nabarmendu dute hiesa eta espetxea «bateraezinak» diren bi elementu direla. «Hiesak gaixotu egiten du, baina espetxea da hiltzen duena», aldarrikatu dute.

Horregatik guztiagatik, azpimarratu dute «gure gorputzarekin nahieran aritzeko eskubidea dugula; administrazio publikoek ezin dutela erabaki hori zigortu, ez eta Ibonen kontrako euren jarrera kriminalak justifikatzeko erabili».