Amalur Artola
DONOSTIA

‘Gizajoen katalogoa’ eleberria aurkeztu du Joxean Agirrek

Ohikoa duen sentsualtasun eta umore finez eta metaliteraturarako joera areagotuta osatu du Joxean Agirrek ‘Gizajoen katalogoa’ eleberria. Bibliografietan aditu den jubilatua liburu bat idazteko lehen esaldia noiz otuko dagoela, Joxean Agirre bera ere ezagutuko du.

Joxean Agirre, eleberria eskuartean duela. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Joxean Agirre, eleberria eskuartean duela. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Erretiroa hartuta, literatura tailerrean izena emango du bibliografian aditu den liburu-saltzaile ohi batek eta, irakasleak idazkerarako dituen trebeziak goraipatu eta liburu bat idatz dezan konbentzitu duenetik, goizeko bostetan jaiki eta arin gosalduta, ordenagailuaren aurrean orduak emango ditu, eleberriari hastapena emango dion esaldi bikaina noiz etorriko zain. Trama horrekin abiatu du Joxean Agirre idazle eta GARAko kazetari izandakoak ‘Gizajoen katalogoa’ eleberria.

Ohi bezala, umorea eta sentsualtasun finak bustitzen dute Agirreren nobela berria eta aurreko lanetako metaliteraturarako joera indartuta dator, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak aurreratu duenez. Hala, liburuan literaturan ematen den publikotasun eta pribatutasunaren arteko muga arakatzen ahalegindu dela azaldu du. «Bizitza eta arte garaikidearen arteko muga lauso hori, performance-etan horren ageriko dena», zehaztu du.

Horretarako, literaturgintzaren gaineko hainbat aipamen egiten ditu eleberrian zehar eta «autofikzioaren alde muturrekoa» ere aztertzen du, batetik bere burua eleberriko pertsonaia bat bezala txertatuz eta, bestetik, bere esperientzia pertsonalak ere erabiliz: «Kontatzen dudanean alaba eta emaztearen harremana, nire kasuan ez da horrela... Literatura egitea errazagoa da zirrikitu batetik ikusten duzunean; zirrikitutik ikusitakoa literaturagoa da ikusitakoa kontatzea baino», aipatu du, eta bere protagonistaren kasuan literatura hori emaztea eta alabari entzundako erdizkako esaldiekin egiten duela nabarmendu du.

Bere buruaz gainera, beste zenbait pertsona erreal ere txertatu ditu eleberrian, tartean Kirmen Uribe: «Protagonista salatzen dute Uribe idazten ari den nobelaren eskuizkribua desagertzen denean». Agirrek gertakari hori baliatzen du «hiru urtean idatzitakoa galtzeko beldurraz» hitz egiteko.

Liburuaren arkitektura hainbat elementuk osatzen dute. Batetik, protagonistaren istorioa bera. Bestetik, protagonista eraikitzen ari den «gizajoen katalogoa». Eta, azkenik, bitxikerien nolabaiteko hiztegi bat, Agirrek urtetan bildutako materiala erabilita osatu duena. «Hiztegiarena eta gizajoena argi nituen hasieratik, baita autofikzioarekin zerbait egiteko gogoa ere. Nola josi ez nuen oso garbi... Agian hori da nobela hauek duten arriskua, bizkarrezurra falta ote zaien edo... baina aldi berean hori da nobela moderno egiten duena», argitu du.