NAIZ
LEITZA

Hiru udal berri onartuta ospatu du UEMAk 25. urteurrena

Dima, Legorreta eta Ziortza-Bolibar UEMAren baitan onartuta 76 dira, dagoeneko, udalerri euskaldunen mankomunitateko kideak eta 232.000 biztanleko lurgunea osatzen dute. Bere mende laurdena ospatzen ari da gaur Leitzan UEMA, festa eta aldarrikapena uztartuz. Nafarroarako lege babesa eskatu dute eta euskalgintzaren eta erakunde publikoen arteko elkarlana sustatzeko beharra lurralde guztirako.

Leitzako plaza, eguerdiko ekitaldian zehar. (UEMA)
Leitzako plaza, eguerdiko ekitaldian zehar. (UEMA)

Jai giroan ari da ospatzen UEMA bere 25 urteko bidea. Hazten ari da udalerri euskaldunen mankomunitatea eta gaur hiru kide berri onartu dituzte euren baitan, Dima, Legorreta eta Ziortza-Bolibar. Modu honetan, 76 dira dagoeneko elkarguneko kide eta 232.000 biztanle inguruko lurgunea osatzen dute. 

Goizean batzar nagusia egin du UEMAk ehun bat hautetsiren parte hartzearekin. Ondoren, ekitaldi nagusia egin dute herriko plazan. Bertan, Etxarri Aranazko alkateak, Eneka Maizek, euskararen aldeko hizkuntza politikak garatzeko dituzten ezintasunak salatu ditu eta Baztango Udalaren plana bertan behera nola utzi duten gogoratu du. Berriki EAEn onartu den Udal Legea aipatuta, «gehiago beharko litzatekeen arren» onura dezente ekarri dituela azpimarratu du eta Nafarroarako antzeko beste lege bat eskatu du, «hizkuntza politika lasai bideratu ahal izateko lege babesa behar dugu Nafarroan ere», adierazi du. 

Josu Labakak, UEMAko lehendakariak, mankomunitateak egindako lana azpimarratu du eta aurrera begira elkarlana aldarrikatu du, «erakunde publikoak, euskalgintza eta bateko eta besteko taldeak, elkarlanean, denak norabide berean, euskararen arnasguneak sendotuz», esan du. 

Ekitalditik aurrera jai giroa nagusitu da Leitzan, herri bazkaria ere izan da eta festak iluntzean eta gauean ere jarraituko du.