NAIZ
BILBO

Basque Ultra Trail Series zirkuituak Hego Euskal Herriko lau hiriburak lotuko ditu

500 kilometro eta 24.600 metroko desnibel positibo metatua izango duen ibilbide baten bidez, Basque Ultra Trail Series zirkuituak Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Donostia lotuko ditu. Bilbo eta Gasteiz artekoa izango da lehen etapa, otsailaren 24an bizkaitar hiriburutik abiatuko dena.

Basque Ultra Trail Series zirkuitua aurkeztu dute gaur, zeinek Hego Euskal Herriko lau hiriburuak lotuko dituen lau etapetan. Lehena Bilbotik abiatuko da, Gasteizen amaitzeko. Bigarrena, arabar hiriburutik Iruñeraino iritsiko da. Hirugarrenak Donostian izango du helmuga, eta laugarrena bizkaitar hiriburura itzuliko da. Horretarako, 1953an Sheve Perña mendizale tolosarrak eginiko ‘Lau katedralen martxa’ hartu dute oinarri.

EAE eta Nafarroako erakundeek bat eginda antolatu dute lasterketa. «Kirola ez ezik, lurraldeen aberastasuna, kultura, turismoa eta ondarea ere sustatzen ditu», azaldu dute ohar baten bidez.

Guztira 24.600 metroko desnibel positibo metatua izango du probak, eta 78 gailur gainditu beharko dira. Tartean Ganekogorta, Gorbeia, Kapildui, Beriain, Ezkaba, Erga, edo Adarra.

Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen etapak 110 kilometro izango ditu, eta 2017ko otsailaren 24an abiatuko da Bilbotik, 26an Gasteizen amaitzeko. Gasteiz eta Iruñea artekoa maiatzaren 5 eta 7 bitartean ospatuko da, 130 kilometroko ibilbidearekin. Nafar hiriburutik Donostiaraino egin beharko dute abuztuaren 4 eta 6a bitartean, 120 kilometro gaindituta. Eta azken etapa urriaren 6tik 8ra izango da, 140 kilometro eta 14.400 metroko desnibelarekin.

Gehienez 600 gizon eta emakumek hartuko dute parte guztira, kategoria desberdinetan.