In depth
Taloak egiten ikasten, garai bateko baserrietan bezala

Euria goian behean ari du baso zulo honetan, otsaileko goizean. Ura zerutik eta ura erreka betean, Aiako Agorregi sakonean. Eta eskerrak horri, bestela nola mugituko dira ba errotarriak? Eta errotarriak mugituko ez balira, nondik aterako genuke ba taloak egiteko arto-irina? Iturraran Parketxeak antolatutako talo tailerrean izena eman dugu eta prozesuaren pausuak banan bana ezagutuko ditugu, baina ez pantaila batean edo liburu batean, bertatik bertara baizik, gure aiton-amonek egiten zituzten bezalaxe egingo baititugu geuk ere.

Gotzon ARANBURU|AIA|16/02/2017
Loading player...

Aran Aldai dugu gidari eta erakusle Pagoeta Parke Naturalean barrena. Oso ondo ezagutzen ditu hemengo bazterrak, eta bidezidor aldapatsu batetik eraman gaitu Agorregiko errotara. Bart basurdeak indusi nola egin duen ikusi dugu zelaian, zer jana bilatzeko. Hogei bat laguneko taldea gara, gehienak ume txikidun familiak, eta lehendabiziko ikusi duguna izan da errotako harriak martxan jartzeko ura nola askatzen den; eztanda bat bezala entzun da uraren kolpea, eta ziztu bizian hasi dira mugitzen turtukiak, eta hauen mugimendua ardatzak transmititu die goian dauden errotarriei.

Berehala hasi da arto-irina kutxara erortzen. Ondoren, bisitan parte hartzen ari den mutikoetako batek galbahetik pasa du eskukada bat irin, poliki poliki astinduta tresna borobila aldamenka. Hala, irin xehea eta zahia bereizi ditu. Jakina, artoa ehotuko bada aurretik artaburuari hostoak kendu eta alea askatu beharra dago; zuritzea eta aletzea deitzen zaie operazio horiei eta garai batean auzolanean egiten zen baserriko ukuiluan edo ganbaran. Festa giroa sortzen zen, bata bertsoak abesten, bestea kontu zaharrak kontatzen. Errosarioa errezatzeko ohitura ere bazen.

Gariaz, artoaz eta garai bateko kontuez aritu zaigu Aran Aldai. Esaterako, kontatu digu nola 1936ko gerraren ondoren errotariek ezkutuan egin behar izan zuten lan, frankistek debekatu egin baitzuten errotak erabiltzea. Hala, errotaren txarakila edo takala erabiltzea ezinezkoa izan zen, hots handia ateratzen zuelako. Ezkutuan ehotzen zen irina eta ezkutuan eramaten, asto gainean, baserrietara. Bidean guardia zibilekin topo eginez gero, irinari agur esan behar eta isuna ordaindu, gainera. Garai batean, gariaren zahia berotu eta katarroak sendatzeko erabiltzen zen, enplastu moduan bularrean jarrita.

Aran Aldaik ez du baserriko bizimoduaren kontaketa idilikoa egin, benetakoa baizik. Oso bizimodu gogorra zela gogorarazi digu, eta ohikoa zela gosea pasatzea, nola eta etxeko gizonek ez zuten kanpoan lan egiten, hargin edo antzeko ofizioetan. Baserri txiro askotako umeek –hamar urteko umeez ari gara– morroi joan behar izaten zuten beste baserri batzuetara, eta lana latz egin. Ez zen haientzat jai egunik izaten. Jana, ohea eta abarka pare bat eta arropa zahar batzuk besterik ez zuten jasoko gehienetan.

Bidezidorrean gora berriro, Iturraran parketxera iritsi gara. Hemen Irune Aldai izango dugu gidari. Taloak egiten amarengandik ikasi zuen, eta lasai egoteko gomendatu digu, «aurrenekoak txarrak aterako zaizkizue eta. Niri behintzat hala atera zitzaizkidan» diosku irribarrez. Arto-irinezko sumendi moduko bat egin du mahaian, eta ura botatzen joan da gainera, ur beroa, ahalik eta beroena. Eskuak aguantatzen duen beroena erabili behar omen da, amak erakutsi dionez.



Lortu duen masarekin bolak egin ditu, pilota baten neurrikoak. Gero gutako bakoitzari bat eman digu ondo zapaldu dezagun, lamina fin bat egin arte. Izan ere, hor dago gakoa, taloa fina ez bada ez baita gero ondo erreko txapan. Eta ez bada ondo egiten barrutik, urdailean ere lanak emango ditu hark ondoren. Nonbait oso irakasle ona da Irune edota gu oso ikasle onak, kategoriako taloak irten dira eta gehienak. Su-txapan jarri eta txapel forma hartzen hasi denean, eginda dagoen seinale. Txorizo muturra sartu eta… barrura! sagardoz lagunduta.

Festa da gaur egun talo egitea eta talo jatea. Ondo azaldu du Aran Aldaik joandaneko ehun urteotan gertatu den aldaketa: «Garai batean egunero jaten zuten taloa euskaldunek, eta jaiegun handietan bakarrik ogi zuria. Gaur egun berriz, egunero jaten dugu gari ogia eta Santa Lutzitan edo Santamasetan taloa». Ogi zuria ez bezala, taloa legamiarik gabe egiten da.

Ameriketatik ekarria

Ez da dena jatea izan Iturraran parketxean. Taloaren eta artoaren inguruko azalpen asko eman dituzte Aranek eta Irunek, esate baterako uste dela hernaniar batek, Gonzalo Perkaiztegik, ekarri zuela artoa Ameriketatik 1560 urte aldera. Datu hori ez dago oso argi, baina garbi dagoena zera da, landare berria ondo egokitu zela gure lur eta eguraldira. Irlandarrei patatak kendu zien gosea, eta euskaldunoi artoak. Izenari dagokionez, Ameriketakoa ailegatu aurretik ere bazen hemen artoa, baina iritsi berriak –hain izan zen ongietorria– izena kendu zion: handik aurrera «arto txikia» deitu izan zaio lehenagoko arto hari.

Arto-irinarekin ez da taloa soilik egiten, artua ere prestatzen da. Hau patata tortilaren neurriko opila izaten da, eta labean egosten da. Azala ez erretzeko, aza hosto artean biltzen zuten artua, Irunek azaldu digunez. Artua egin berria bigunagoa da eta xingarrarekin jaten da, edo txorizoarekin, baina gero gogortu egiten da eta esnetan bustita jaten da, arta zopa bihurtuta. Datu bitxi bat: esneari ez zitzaion azukrea botatzen, gatza baizik.

Pagoetako altxorra

Benetako altxorra da Pagoetako Parke Naturala, baso autoktonoaren erakusleiho aparta. Ez hori bakarrik, Iturraran Parketxearen inguruan Biodibertsitatearen Lorategia ere topatuko dugu, hemendik gutxira, udaberriarekin, edertasun osoan azalduko zaiguna. Animaliak ere nonahi dabiltza hemen, bai gorago aipatu ditugun basurdeak bai oreinak eta erbiak. Baina izarra sai zuria da, hegazti handi eta bikain hori. Urtero hartzen dute atseden hemengo harkaitzetan, baita kabiak egin ere, Afrikatik hegaldi luzea eginda. Hori ikusteko ere gutxi falta da, udaberrian izango da eta.

Bitartean, lan eta lan jarraituko dute Iturraran Parketxeko Aran, Irune, Siratz eta Milagros begiraleek, adibidez apirilean egingo den Landare Berezien Azoka prestatzen. Lorategira bisitak eta ekitaldi interesgarri askoak izango dira hilaren 29an eta 30ean, horien arten Biodibertsitatearen Lorategira bisita gidatuak eta bi hitzaldi, bata Paco Garinen ‘México de norte a sur: naturaleza y robles’ eta bestea Jakoba Errekondoren ‘Bizi baratzea, altza Porru’.