Gotzon ARANBURU

Haziera proiektua

Modako hitza da aniztasuna. Pertsonei eta kulturei aplikatzen diegu eta aberasgarriren pareko erabiltzen dugu. Bada arlo bat, Euskal Herrian eta Mendebaldeko beste herrialde askotan, aniztasuna galtzen ari dena, alegia, pobretzen. Haziak dira, tokian tokiko haziak, garai batean nekazariek ugaltzen zituztenak etxean, hurrengo urtean soroan edo baratzean ereiteko. Joera honi aurre egiteko sortu zen duela lau urte Gipuzkoan Haziera proiektua, eta denbora tarte honetan lau aldiz biderkatzea lortu du Donostiako Cristina Enea Ingurumen Zentroan gordetzen duen hazi artxiboa.

Cristina Enean 101 lagin gordeta dituzte. (Gotzon ARANBURU)
Cristina Enean 101 lagin gordeta dituzte. (Gotzon ARANBURU)

Hogeita hiru hazirekin hasi eta gaur egun 101 lagin gordetzen dira Cristina Enean, potetan sartuta, bakoitza bere txartelarekin. Babarrun familiak, esaterako, hamasei ordezkaria dauzka, gehienak Euskal Herrikoak –Tolosako babarruna, Erandioko zuria, Gernikakoa…– baina baita Kubako bat eta Kataluniako bi ere. Aretxabaletako tomatea, Landetako piper eztia, Iturengo neguko letxuga gorria, Oiartzungo kalabaza, Aezkoako aza beltza, Hendaiako Grand Rouge Basque artoa, Beizamako porrua… hauen guztien haziak biltzen eta gordetzen joan dira Haziera proiektuan.

Kontua ez da, ordea, biltzea eta gordetzea. Hori ere bai, baina zabaltzea, nekazariek eta baratzazaleek erabiltzea, bizirik mantentzea, hori da benetako helburua. Eta ondorioz baratzeetan landutako espezien aniztasuna zaintzea. Haziak «artxibatzeaz» gain, Hazierak hauen erabilerari buruzko ikastaroak eskaintzen ditu. Hain zuzen ere, urtean bi formakuntza tailer antolatzen ditu, lehenengoa neguan –haziak modu egokian ugaltzeko kontuan eduki behar diren kontuez eta baratzen egin beharreko lanez– eta bigarrena udazkenean, praktikoagoa. Bigarren honetan haziak landaretik eskuekin erauzteko hainbat teknika erakusten dituzte, baita haziok nola garbitu, lehortu eta irauteko moduan atxiki ere. Babarrunaren edo artoaren hazia ateratzea erraza da, baina letxugarena, esaterako? Gainera, baserriak bisitatzen dituzte, nekazaritzako ingurune sozial eta kulturala ere bertatik bertara ezagutzeko.

Hazierako artxiboaren erabilera oso sinplea da. Donostiako Cristina Enea parkeko goiko aldean Ingurumen Baliabideen Etxea dago, eta hona etorri behar da bildumako hazi hauetako lagin bat nahi duenak. «Zaintzaile» egin behar da, fitxa bat beteta, eta horrekin haziak hartzeko eskubidea dauka. Era berean, jarraipen fitxa bat ere hartu behar du, ereite prozesuaren zehar betetzen joateko. Baina benetako hartu-emana da sortzen dena, hartzaileak bere baratzean edo balkoian hazi berriak lortzen dituenean horietako eskukada bat artxibora itzuli behar duelako.

Zer gertatzen da hartzaileak ez badu hazi berririk lortzen bere etxean? «Lasai egon dadila –diosku Hazieraren sortzaile Marc Badelek– gu saiatuko gara eta berriro eskuratzen. Jakina, artxiboak ugaltzea du helburuetako bat, baina ezin denean ezin da». Marc kataluniarra da sortzez, baina sei urte daramatza Euskal Herrian bizitzen, azken urteotan Luzaiden, bere nafarrerako euskarak aditzera ematen duen moduan. Joan den urtean ‘Hazien pribatizazioa, bioaniztasunaren monopoliorantz?’ liburua idatzi zuen, eta pribatizazio arrisku hori –arriskua baino gehiago dagoeneko– salatzeko gero eta arrazoi gehiago dagoela argi dauka.

Gaur egungo nekazariei beren haziekin harreman zuzena izatea ukatu egiten zaie. Beste norbaitek erabakitzen du zein hazi erein behar duten. Eta, beraz, ondoren zer jan behar dugun denok. Enpresa handi batzuei buruz ari gara, horietako batzuk ezagunak, Monsantoren kasuan bezala, arto transgenikoa dela eta hedabideetan asko entzun delako bere izena, edo Bayer. Beste batzuk ez dira behar bada hain ezagunak –Dow, DuPont, Limagrain, KWS edo Syngenta– baina zazpi hauen artean munduko hazien merkatuaren %71 kontrolatzen dute. Beste datu esanguratsu bat, FAOk emana: XX. mendean munduko barietateen %75 desagertu da. Eta nola Afrikan, Hegoamerikan eta Asian bertako barietate askok iraun duten, ondorioztatu daiteke Europan izan dela galera handiena, %90era iritsi daitekeena.

«Higadura genetikoa»

Lekuko haziak galtze honi «higadura genetikoa» deitzen diote adituek. Nazio Batuen FAO erakundearen arabera, XX. mendean urteotan munduko barietateen lautik hiru galdu dira. Marc-ek azaldu digunez «aldaketa bortitza ‘Iraultza berdea’ delakoarekin azaldu zen, joan den mendeko 60. urteetatik aurrera, orduan hasi baitzen erabat aldatzen nekazal sektorea eta elikagaiak ekoizteko modua. Aldaketa honen ondorioetako bat da nekazariek utzi egin diotela hamar mila urtez egin izan duten lan bat egiteari, hau da, sororako eta baratzerako haziak ateratzeari, eginkizun hori hazi-enpresei utziz».

Orain dela bi mende baino gehiago sortu zirenetik duela 30-40 urte arte, hazi ekoizle horiek eremu txikian jardun dute, eskualde edo nazio mailan gehienez, baina azken hamarkadetan enpresen kontzentrazioa gertatu da. Gainera, integrazioa ez da gertatu soilik enpresa handiek enpresa txikiak bereganatzean, baizik eta beste arlo batzuetako enpresek (agrokimikoak, farmaziakoak…) haziak ekoizten dituztenak bereganatuta. Hala, konglomeratu hauek presioa egiteko adinako tamaina eta indarra badutenez, nazioarteko merkataritza akordioetan eragitera ere iritsi dira, esaterako hazien jabego intelektualari dagokion kontuetan. Azken helburua, elikadura kate osoa kontrolatzea, hasi hazitik, segi jakien ekoizpenetik eta buka banaketarekin.

Marcek azpimarratzen du haziak ugaltzea eta transmititzea emakume nekazarien zeregina izan dela, neurri handi batean, mendeetan zehar. Oraindik ere, baserrietarako txangoak egiten dituenean «zaintzaileekin», hori esaten diote batean baino gehiagotan, etxeko ama edo amona zela hazien ardura zeukana.

Logika ekonomizista

Hazi «modernoak» genetikoki hobetuak izan dira, eta landare gogorragoak eta ekoizpen handiagokoak ematen dituzte. Ulertzekoa, beraz, egungo logika ekonomikoarekin bat egin duen nekazaritzak horiek eskatzea. Hori bai, hazi hauek ez dute toki guztietan berdin funtzionatzen: duten potentzial guztia emateko baldintza ekologiko jakin batzuk eskatzen dituzte. Hala, toki jakin baterako hazi egokia bilatu beharrean, hazi jakin baterako toki eta baldintza egokiak prestatzera pasa da nekazaria.

Frutak eta barazkiak «hobetze» honek logika ekonomizistan zentzua dauka, baina beste gauza bat da ezaugarri organoleptikoei dagokienez: adibidez, tomate batek egin ditzake gaur egun milaka kilometro sorotik mahairaino, eta egun mordoa iraun alferrik galdu gabe, baina horren ifrentzua zapore eza da askotan. Gure artean iraun duten barietate batzuek –adibidez Tolosako babarruna edo Ibarrako piparra– justu horrexegatik diraute, hain direlako zaporetsuak ezen barietate modernoek ezin izan dituzte gure sukaldeetatik kanporatu.

Berreziketa

Joera hau aldatuko bada, nekazariek –ekologikoek barne– tokiko haziak erabiliko badituzte, eta beraz, tokiko barazkiak izango baditugu gure sukaldean, ezinbestekoa da kontsumitzaileok produktu horien eskaria egitea. «Elikatzeari dagokionez berreziketaren beharrean gaudela esango nuke. Zapore autentikoak berreskuratu beharra dago, berrikasi beharra ahaztutako zaporeak. Horretarako aukera aparta dute baratze txiki bat daukatenek, hor frogatu ditzakete eta hazi tradizionalak. Nahikoa da balkoian espazio bat prestatzea, baratze urbano bat, barazkien benetako zaporea ezagutzeko» diosku Marcek.

Heziketa txikienetatik hasteko, egitasmo interesgarriari ekin diote Gipuzkoan, hiru agentek bat eginda: Cristina Enea Ingurumen Zentroak, Lakuako Gobernuko Ingurugelak eta Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteek. Egitasmoaren izena ‘Nekazal kultura eskoletara’ da eta horixe da helburua, ikasgeletara ekartzea nekazaritza eta elikadura gaiak, askotan neska-mutikoei hain arrotzak egiten zaizkienak. Hamabi eskola inplikatu dira oraingoz, eta lehenengo lana joan den udazkenean egin zuten ikasleek, ‘Hazi ezkutuen bila’ saioarekin. Herriko baserrietara eta baratzeetara jo eta ea hazi zaharrik, bertakorik, geratzen ote zitzaien galdetu zuten. Aste honetan ari da Marc Badel bilketa egiten eskolaz eskola, eta emaitzekin oso pozik dago.

Hazi erakusketa ibiltaria

Apirilean hazi erakusketa ibiltaria jarriko da martxan, egitasmoan parte hartu duten eskoletan. Luzera begira, eskoletako hazien sarea osatzea izango litzateke jomuga. Horrez gain, hemendik aurrera haziak eskola horietako baratzeetan ereingo dituzte, bai ikasleek bildutakoak eta bai Cristina Eneako artxibotik ekarritakoak. Mintegi ekologikoetan erositako landarea landatzeko aukera ere izan daiteke.