@gara_miantzi
Gasteiz

Oihane Perearentzat txapel morea, gogoaren indarrez

Hasieratik bukaerara hunkitu du bertsozalea laugarren txapela etxeratuko duen bertsolariak. Emozioak dantzan jarri dizkigu puntu bakarreko aldearekin bigarren egin duen Asier Otamendik ere. Hona puntuazioa: Oihane Perea (591,5 puntu), Asier Otamendi (590, 5), Manex Agirre (390), Xabi Igoa (384,5), Iñaki Viñaspre (380,5) eta Serapio Lopez (372).

Oihane Perea, buruan txapela jantzita. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Oihane Perea, buruan txapela jantzita. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

«Iratxe ta Samaniego zatitxo bat erdibana/ lautadako bertso eskola gauean badugu plana/ ta zuei bertsozaleak hori indarra hori xarma/ nik pixka bat sufritu dut bai aste honetan barna/ ospitalean daukagu gure etxeko armiarma/ gogoaren indarra da entregatzen ez den arma/ gaurko honetan txapelak Maitetxo izena darama». Horixe, Arabako bertsolari txapeldunaren, Oihane Perearen, azken agurra. Malkotan abestua, bere begietan eta entzuleonetan. Bertso horretantxe laburbiltzen da Zalduondoko piratak gaur Printzipalean egin duena.

Saioa hagitz ongi joan da eta oilolarrutan jartzen gaituzten bertsoez aparte, irri algaraz lehertzekoak ere izan dira. Hona adibide bat: Maitaleak dira Asier eta Oihane. Urtegian bainua hartu dute larrugorritan eta ateratzean arroparik ez dagoela ikusi dute.

«Asier asko galtzen duzu zuk arroparik gabe» bota dio Oihanek. Eta hala erantzun Asierrek: «Egon hortxe egonean/ zeren nik asko hobetzen baitut iluntasunean».

«Ai ilargiaren xarma/ datorrenean guregana/ adan ta eva paradisuan bezala ai ama/ zu nere Asier laztana/ ta hori zer da banana/ gaurko honetan ez da sagarra nik jango dudana», erantzun dio zalduondotarrak.