NAIZ

Zuberoa eta Nafarroa, protagonista aste hasierako Korrikaren bidean

Zuberoan ekin dio asteari Korrikak, baina arratsaldean Nafarroara itzuli dira lasterkariak. Goizaldean iritsiko da Gipuzkoara. Lehenago, Orokieta inguruan, 1012. lekuko aldaketan Nafarroako AEK kideek eginen dute kilometroa, Aitziber Sarasolaren omenez, 23:46ean.

Mauleko auzapeza den Michel Etxebestek ere Korrikan parte hartu du. (Bob EDME)
Mauleko auzapeza den Michel Etxebestek ere Korrikan parte hartu du. (Bob EDME)

Zuberoarako bidean harrapatu du egunsentiak 20. Korrika. Hara iritsi aurretik, ordea, Donapaleun Kilimon joaldun elkarteak egin du 858 kilometroa, bertako Herriko Etxearekin batera. 10.00ak jo gabe zeudenean iritsi dira korrikalariak Maulera.

Urdinarbetik eta Muskilditik igaro da ostean, eguerdian Donaixtira iritsi da. Hala, 14.13an Ainhizen bete du bere kilometroa Akitania-EAE-Nafarroa euroeskualdeak. Ondoren, Baigorritik Nafarroa Garaia zapaldu dute berriz lasterkariek, 953. lekuko aldaketarekin batera, 17.30ak aldera.

Baztanen zehar izan dira Iruñerriko AEKko ikasle eta irakasleak ere, Legasan, iluntzeann.
Hainbat kilometro eginda, Baztan atzean utzi eta Basaburuan jada, Orokieta inguruan, 1012. lekuko aldaketan Nafarroako AEK kideek eginen dute kilometroa, Aitziber Sarasolaren omenez, 23:46ean.

Goizaldean, aldiz, Larraunen izanen da Korrika eta hamaika herri zeharkatuko ditu. Irurtzunera, esaterako, 03:14ean ailegatuko dira korrikalariak, eta Lekunberrin 05:00etan izanen dira. Gipuzkoako mugara heltzear, Betelu, Araitz eta Atalluko herritarrek Korrikaz gozatzeko aukera izanen dute, 13. ediziotik izan ez duten aukera, ondoren lekukoa Tolosaldeko biztanleei uzteko.

Nafarrek agur ez, gero arte baizik esanen diote Korrikari, apirilaren 8an itzuliko da-eta azken kilometroak egiteko.