Gotzon ARANBURU

Urteak bai bizkarrean, baina petoa jantzi eta... Dinokorrika!

Lehenengoa Korrika izan zen, adjetiborik gabea. Ondoren Korrika Txikia iritsi zen. Eta orain zirkulua itxi da, Dinokorrikarekin. Urteak bai bizkarrean, baina euskal gogoa ere bai, eta lasterka irten dira aitona-amona hernaniarrak.

Lauretan zeukaten jarrita hitzordua korrikalari beterano hauek, baina ordubete lehenago jada nabaria zen mugimendua Sandusterri zentroan. Petoak jantzi, luzaketa batzuk egin, elkarri adarra jo urduritasuna ezkutatzeko… denetarik egin dute aitona-amonek bazkalondoan, Dinokorrika hasi zain.

Xabino Iragorri izan da lekukoarekin aurreneko “kilometroa” egin duena, Sandusterritik Urumearaino, Inmaculada eskolako ikasleak leihoetatik txaloka zituela. Hor Elkano emakume taldeko Kontxi Beltran, Pili Irizar eta Mari Karmen Zapirainek hartu dute lekukoa, eta Doriraino eraman. Felipe Tellez izan da hurrengo eramailea, Caserio tabernaraino, hor testigua Jose Mari Elordiren eta Matias Holgadoren eskuetan uzteko. Azken-aurreko erreleboa Miren Clementek eta Monica Portok egin dute, eta azkena, Gudarien Plazaraino, Kontxi Beitiak osatu du. Alkatea, Luis Intsauspe, korrika lagun izan dute. Hitzaldi laburra baina polita egin du Beitiak bukaeran: «Hemen gaude, adinean sartuta garen frankismo garai ilunetako malabaristak, ekilibristak, gure hizkuntza, euskara, berriz ere argitara eman genuen artistak. Gure belaunaldiari lapurtu nahi izan zioten hizkuntza. Gainera, lortu zutela sinistu zuten. Ez zekiten, ordea, gu isilpean prestatzen ari ginela gure emankizuna. Eta ikastolak sortu ziren, AEK, Korrika…»

Dinokorrika izena zergatik? Hernaniko AEKko Amagoia Etxeberriak azaldu digunez, «dino, digno, jakinduria, esperientzia... hortik jo dugu. ‘Korrika tapa-tapa’ edo halakoren bat ere pentsatu dugu, baina dinosauroak guretzat ez dira beldurgarriak, ez dira alboratzekoak, ez dira desagertu direnak, ez dira pasata daudenak... Dinosaurioak gurean esperientzia duten pertsonak dira, eta askotan AEKn 20 urtetik gora daramatenei deitzeko modu bezala ere erabiltzen dugu. Guretzat dinoak, aurre egin diotenak dira, zilegitasun osoa dutenak, eta horregatik errekonozitu nahi ditugu». Beitia da, hain zuzen, Korrika ofizialaren omenaldia jaso duena Hernanin. Frankismo bete-betean euskaraz irakasteari ekin zion, noren eta Elbira Zipitriaren eskutik. Euskaltzale nekaezina izan da bizitza osoan, Pasaiako ikastola sustatu zuen emakume donostiar hau.

Inor gutxi geratuko da aurten Hernanin euskararen alde korri egin gabe. Bost Korrika –zezen korrida baten iragarkia ematen du honek– gauzatuko dituzte hernaniarrek. Lehenengoa Korrika Gaztea izan zen, joan den ostiralean. Beste hiru atzo egin zituzten; Haur eskolatik abiatutako Mikro Korrika, Korrika Txikia eta Dinokorrika. Gaur goizean igaroko da herrian barrena ofiziala, aurtengoak bukatzeko.