NAIZ
BERRIOZAR

Aldaketa feminismotik hauspotzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Bilgune Feministak

Emakume abertzaleen VII. topaketa feminista burutu du gaur Berriozarren Bilgune Feministak bere 15. urteurrenarekin batera. 600 bat emakume elkartu dira bertan eta aurrera begirako erronka nagusiak zehaztu dituzte. 

Mahai inguruarekin abiatu dituzte topaketa feministak. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Mahai inguruarekin abiatu dituzte topaketa feministak. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

600 bat emakumek egun osoko topaketa arrakastatsua egin dute Berriozarren Bilgune Feministak antolatuta. VII. topaketa feminista zen eta elkargune honen 15. urteurrenarekin bat egin du. Hitz hartze nagusian Euskal Herriak dituen erornkei feminismotik nola eragin eta nola garatu izan dute hizpide. Topaketa Nafarroan izanik, bertan izandako aldaketa goretsi dute eta erronka bide horretan jarraitzea dela azpimarratu dute, «aldaketa hauspotzen jarraituko dugu feminismotik», baina honakoa gehituz: «benetako trantsiziorik egon ez delako, herri honetan trantsizioa feminista izango da edo bestela gurekin ez kontatu».

Hitzartze berean preso diren emakumeak izan dituzte gogoan eta aurrez mugimendu feministan aritutakoen lana azpimarratu dute, «tradizio feminista baten oinordeko gara, egin zuten lanaren eta ondarearen emaitza, eta hasi ginenak baino askoz gehiago gara». Mugimendu feminista indartzeko beharra dezente errepikatu den ideia da egun osoan zehar, hura baita «emakumeon, bolleron, transon... eskubideak sutsuki defendatu dituena«. Horregatik, hura hauspotzearen garrantzia azpimarratu dute eta mugimendu feminista boteretu egin behar dela. 

«Euskal Herriaren Burujabetza feminista» dutela ipar gisa aipatu dute eta «nazio askapenari lotutako herri prozesuan» metatu nahi dutela indar feminista guztia.  

Bost ondorio nagusi

Eguneko hausnakertak bost ondorio nagustian laburbildu ditu Bilgune Feministak. Lehena «lidergo kolektibo feministak osatzea» izenburupean laburtu dutena, mugimendu feminista politikoki aitortzeko prozesuak martxan jarriko dituztela iragarri dute eta mugimendu feministen «inzidentzia politikoa areagotzea helburu duen gune egonkor bat sortzea» aipatzen da bertan. Dagoeneko bide horretan badiren tresnak ere aipatu dituzte. 

Herritar guztientzako bizitza duina, gatazken konponbidean eman beharreko urratsak eta osatze feminista ere aipatu dituzte ondorioetan eta azken bat eskaini diote erakundetzean eman beharreko lanari. Puntu horretan arlo tekniko eta politikoan politika feministak sustatzeaz, instituzioekin elkarlanerako eramuak bilatzeaz, erabakitzeko eskubidearen eremuan ikuspegi feminista txertatzeaz eta erakunde publiko berrien aukerak aztertzeaz hausnartu dute. 

Mahai ingurua goizean

Mahai ingurua antolatu du Euskal Herriko Bilgune Feministak bere hamabosgarren urteurrena ospatzeko burutzen ari diren Emakume Abertzaleon VII. Topaketa Feministei hasiera emateko.

Formatu berezia eman diote baina mahai inguruari; asanblada itxura emanez, entzule eta hizlariak nahastu dituzte, publikoa eta hizlarien arteko amildegia apurtzen saiatuz. Hizlariei dagokienean ere, ahalik eta ahots gehien ematen ahalegindu dira.

Horien artean izan dira Marta Lutxan, Amaia Zufia, Izaskun Garcia, Iratxe Retolaza, Sandra Barrenetxea, Ainhoa Narbaiza, Edur Epelde, Silvia Rugamas, Riosby Fernandez, Arantza Santesteban, Josune Ortiz, Mauge Cañada eta Saioa Iraola. Azken honek hitz egin du Bilgune Feministaren izenean.

Boterea eta boteretzea izan ditu hizpide Iraolak, eta adierazi du boterea «harreman guztietan zirkulatzen duen indarra» dela. Boteretze feminista lortzeko, berriz, bi erronka mahaigaineratu ditu: Euskal Herriaren burujabetza feminista definitzeko eztabaida soziala sustatzea eta intzidentzia politikoa erdiesteko lidergo kolektiboak sortzea.

Miren Arangurenek egin ditu aurkezle eta moderatzaile lanak.