NAIZ
EIBAR

63.201 herritarrek eman dute botoa gaurko galdeketetan, %25,5ek

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 52 herritan Euskal Herriaren etorkizunari buruz gaur egin diren galdeketetan 63.201 lagunek eman dute botoa, deituta zeudenen %25,5ek, Gure Esku Dagok jakinarazi duenez. 2014tik hona antolatu diren galdeketetan dagoeneko 146.500 lagunek parte hartu dute. Angel Oiarbidek nabarmendu duenez, «iraultza demokratiko bat ematen ari da, herrian behetik hasita gora, demokrazian sakonduz».

Durangon egin dute eguerdiko ekitaldia eta lehen datuak eman dituzte. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Durangon egin dute eguerdiko ekitaldia eta lehen datuak eman dituzte. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

63.201 herritarrek «demokraziaren eta herritarron burujabetzaren» aldeko jarrera erakutsi dute gaurko galdeketetan, Gure Esku Dagok nabarmendu duenez. 

Eskualdeka, Debabarrenan %18,74koa izan da parte-hartzea, Durangaldean %22,25ekoa, Lea Artibain %41,63koa, Uribe Kostan %19,57koa, Uribe Butroen %25,92koa, Urola Kostan %31,34koa, Zeanurin %55,16koa, Legution %32,29koa, Orozkon %44,70ekoa, Urkabustaizen %36,21ekoa, Lasarte-Orian %14,78koa, Usurbilen %38,13koa eta Zubietan %54,22koa.

Eibarren egin dute egunaren balorazioa dinamikako ordezkariek eta Angel Oiarbidek esan duenez, 2014ko ekaineko giza katean parte hartu zuen jende kopurura mobilizatzera iritsi dira gaur arte Euskal Herri osoan egin diren galdeketak.

Oiarbide: «Hau hasi besterik ez da egin»

«Hau hasi besterik ez da egin, ahalduntze bat ematen ari da, prozesu bat ematen ari da; esaten genuen oso erraza zela bozkatzea, papeleta hartu eta hautetsontzian sartzea, baina zaila dena da prozesu bat martxan jartzea, sentsibiltate desberdineko jendea elkartzea eta ehuntzea, prozesuak adostea, galderak adostea eta hori egikaritzea. Euskal Herrian gero eta gehiago gara jarrera hori hartu dugunak, esan genuelako Gure Esku Dago ez zela lelo bat, jarrera bat zela, ikusle izatetik protagonista izateko jarrera».

Gaur lortutako zifrak kuantitatiboki «oso onak» diren arren, kualitatiboki honek guztiak zer esan nahi duten perspektiba ez dela galdu behar ohartarazi du Oiarbidek.

«Arazo, konflikto politikoa zena, demokrazian sakonduz, herritarrak arduraz trantsizioa egiten ari gera erronka politiko baterako eszenario batera, lehen gai bat urruntzen genuena topagune bihurtuz. Ari gara normaltasuna konkistatzen, hau da demokrazian sakontzea, herritarrak banatu baino gehiago batu egiten dira. Iraultza demokratiko bat ematen ari da, herrian behetik hasita gora, demokrazian sakonduz».

Datozen hilabeteetan ere lanean jarraituko du Gure Esku Dagok, «borondateak ehunduz, adostasunean sakonduz eta herritarrak ahaldunduz, Euskal Herrian erabakia gauza dadin».

Ekainaren 10ean Bilbon aurkeztuko den Herritarron Itunarekin «beste jauzi bat» emango du dinamikak. Erabakiaren bidean «mugarri» izango dela aurreratu du.