Iraia OIARZABAL | Ion TELLERIA

Kataluniako erreferenduma posible egin zuten heroiak

Orain aste bete milaka herritarrek isilean lanean ziharduten urriaren 1eko erreferenduma posible egiteko. Aurpegi anonimoak, kasu askotan haien artean ere ezezagunak, betirako batuta gelditu dira erresistentzia ariketa honen ostean. Bartzelonako L’Estel eskolan bi herri ere batu ditu esperientzia honek. Jatorriz ondarroarra baina azken 33 urtetan Bartzelonan bizi den Mirenek sekretuz betetako istorio zoragarri bat kontatu digu.

Bartzelonako Meridianan kokatuta dago L’Estel eskola, erdigunetik aparte. Beste eskola guztietan bezala, guraso eta bizilagunak buru belarri aritu ziren erreferendumaren prestakuntzan. Eskolak babestea zen lehen eginkizun nagusia eta horretan aritu ziren asteburu osoan zehar antolatutako ekintzetan. Mirenek eginkizun berezia zuen, ordea. Administrazioaren ordezkaria zen bertan. Berea zen logistikaren ardura eta diskrezio handiarekin aritu behar izan zuen lanean. Oriol eta Lambert, eskola horretako ikasleen gurasoak biak, lagun izan zituen.

Ostiral arratsalden hurbildu gara L’Estelera, haien bizipenak ezagutu nahian. Eguneko une garrantzitsuenetako batetik hasi gara. Nola iritsi ziren hautetsontziak? Oriolek ibilibide labur bat egitera gonbidatu gaitu orduan. Ilunpetan eskailera batzuk jaitsi eta larrialdi atearen ondora iritsi gara. Hura ireki eta han dago Miren. Urriaren 1eko goizeko zortziak inguruan ere hantxe zegoen, kotxetik bi poltsa handi zekartzala. Horrela iritsi ziren autesontziak eskolara. Kode sekretuetan egindako telefono dei eta mezuak etengabeak izan ziren aurreko orduetan, goizeko zazpiak aldera hautetsontziak bertan izan behar zuten. «‘Pizzak’ ekarri zituztenerako 200 bat lagun zeuden eskolan. Altxor bat zen guretzat», dio Oriolek.

Pozak tentsioari ireki zion bidea berehala. Goizeko bederatziak jotzear zirela Espainiar Polizia iritsi zen. Kristalak eta ateak apurtuta barruraino sartu ziren. Minutu batzuen buruan eskola itxita egongo zen. Oriol eta Mirenek bereziki gogoratzen dute une haietako ezinegona. Bortizki jokatu zuen Poliziak, baita adineko jendearen kontra ere. Haur talde bat lo zegoen gimnasioan Polizia indarrez sartu zenean eta gurasoak oso urduri jartzen hasi ziren ez zietelako seme alabengana joaten uzten. «Nik ikusten nuen mina egin nahi zutela. Eta lortu zuten, nire semeak izututa zeuden», dio Oriolek. Erantzuna ordea eredugarria izan zen, haurrak harrera gunera eraman eta kolorez betetako pankartak egiten hasi zirelako.

Polizia joan zenean bertan zeuden ehunka herritarrak jakitun ziren han bozkatzea ezinezkoa izango zitzaiela, baina ez zuten etsi. Oinez hamar minutura dagoen beste eskola batetara joan eta han eman zuten botoa. L’Estel eskolako guraso guztiak batera joan ziren, egunaren garrantzia irudikatu nahian. Hori eta beldurrik ez zutela. Dena jendez betea zegoen eta iritsi bezain azkar, itxitako eskola batetik zetozela jakinda, ateak gustura zabaldu zizkieten. «Sartu eta irteten zen pertsona bakoitzak irribarre bat zuen ahoan», aipatzen du Lambertek.

Igandean bizitakoak pertsona asko batu dituela nabarmentzen dute. Antolakuntza lan itzela zegoen atzetik, «rollo ona» eta egiten ari zirenari buruzko konbentzimendu guztia. ‘Els Segadors’ abestuz baretu zituzten kirioak polizien aurrean eta aurrerantzean ere jarrera horri eutsi beharko diotela azpimarratzen dute. Ez dagoelako atzera bueltarik. Gertatzen dena gertatzen dela, «endavant», dio ondarroarrak.