NAIZ
DONOSTIA

Maialen Lujanbiok egingo du ohorezko sakea Reala eta Bartzelonaren arteko partidan

Maialen Lujanbio Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunak egingo du ohorezko sakea heldu den igandean Anoetan jokatuko den Realaren eta Bartzelonaren arteko partidan. Txapelketako gainontzeko finalistak ere palkoan izango dira. Bertsolaritzari eta euskal kulturgintzari keinu bat egin nahi die talde txuri-urdinari.

Lujanbio, txapelarekin. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Lujanbio, txapelarekin. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Realak omenaldia egingo dio Maialen Lujanbiori heldu den igandean Anoetako estadioan (20.45) Bartzelonaren aurka jokatuko duen norgehiagokan. Hala, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunak egingo du ohorezko sakea, talde txuri-urdinak bere webgunean jakinarazi duenez.

Hernaniarrarekin batera Anoetako palkoan izango dira Txapelketa Nagusiko gainontzeko zazpi finalistak: Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre bertsolariak.

Maialen Lujanbiok joan zen abenduaren 17an irabazi zuen BECen jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusia, bigarren aldiz (lehenengo txapela 2009ko txapelketan jantzi zuen).

Bertsolaritzari eta kulturgintzari keinua

Omenaldi honen bitartez, Realak bertsolaritzari eta euskal kulturari keinu bat egin nahi die, «bere konpromisoa kirol arloaz harago baitoa», taldeak bere oharrean azaldu duenez.