NAIZ
SANTURTZI

Indarkeria matxista salatuz, elkarretaratzea egin dute Santurtzin

Elkarretaratzea egin dute igande honetan Santurtzin, indarkeria matxista salatzeko. Iragan ostegunean izandako sexu erasoa salatu dute ‘Erasorik ez erantzunik gabe’ lelopean.

Udaletxe parean bildu dira protesta egiteko. (@EcuadorEtxea)
Udaletxe parean bildu dira protesta egiteko. (@EcuadorEtxea)

Iragan ostegunean Santurtzin izandako sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute igande eguerdi honetan ‘Erasorik ez erantzunik gabe’ lelopean. Bertan, besteak beste, indarkeria matxistak aske eta duin bizitzeko eskubidea ukatzen duela salatu dute.

35 urteko gizon bat atxilotu zuten iragan ostegunean Santurtzin, indarkeria matxista leporatuta. Biktimak etxeko gela batean gorde behar izan zuen, eraso gehiago ez pairatzeko.

Protesta ekimena 13.00etan hasi da, udaletxe pareko plazan. Ehun bat herritar bildu dira bertan, eta emakumeen aurkako edozein indarkeria salatuko dutela azpimarratu dute: «Hemen gaude salatzen denean, salatzen ez denean, eguneroko edozein erasori aurre egiten diogunean, etxean gertatzen dena ez delako etxean geratzen, eta kalean gertatzen dena guztioi gertatzen zaigulako», adierazi dute EiTB-k jasotako adierazpenetan.

Era berean, gaineratu dute «oso garrantzitsua» dela kaleko erantzuna, eta ezinbestekotzat jo dute «gure zentzuak adi izatea aske eta duin bizitzeko eskubidea urratzen digun indarkeria matxistari erantzuteko».