Gotzon ARANBURU
ERRAZKIN

Nafarroako Bardoak

Arratsaldea da, negua aldea izanik ia ilunabarra, Nafarroako Errazkin herrian. Inguruko mendiak elurtuta daude, eta hotz egiten du kalean ibiltzeko. Baina hala ere mugimendua dago, jendea atzera eta aurrera. Zer dugu ba? Bardoak iritsi direla, Nafarroako bardoak, taldekako bertso ekimena, eta Txirrika elkartean kantatuko dutela. Goazen babesera.

Bardoak txapelketaren saioa Errazkinen. (Gotzon ARANBURU)
Bardoak txapelketaren saioa Errazkinen. (Gotzon ARANBURU)

Bestelakoa da giroa elkartean. Epel egiten du hemen eta jendea atze-aurre etengabean dabil, sukaldean lanean dela, aulkiak jartzen dela, soinu ekipoa prestatzen dela. Euskara ezberdinak entzuten dira: Larraun alde honetakoa, Lizarrako bertsolariek ekarri dutena, bisitari gipuzkoar batzuena ere bai… Berrogeita hamar bat lagun bilduko ziren, bakoitza bost euro ordainduta. 

Aurtengo Nafarroako Bardoak ekimeneko bederatzigarren saioa jokatzera doa Errazkinen. Aurrekoak Beran, Iruñean, Leitzan, Barañainen, Lesakan, Lakuntzan eta Otsagabian jokatu dira, eta guztira hogeita hiru izango dira, bi fasetan banatuta. Finala Lekunberriko Toki Alai sagardotegian izango da, martxoaren 24an.

Zer da, ordea, Nafarroako Bardoak? Txapelketa bat? Hortik ere badauka pixka bat, bai, azken batean taldeek elkarren kontrako kanporaketak jokatuko dituztelako eta bukaeran irabazle bat izango delako, baina horren gainetik bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatzeko ekimena da. 2012an sortu zen Bardoak eta bi urtez behin egiten da, Nafarroako bertso eskolen sarea indartzeko helburuz. Taldeka jokatzen da, auzolanean eta talde lanean oinarrituta. Izan ere, ez dira bakarrik bertsolariak, gai jartzaileak, aurkezleak ere antolatzaileak ere trebatzen baitira Bardoak ekimenean.

Gaurko saioan parte hartuko duten taldeak «Larraun da Araitz. Bi dozena» eta «Lizaharrak» dira. Aurrenekoek etxean jokatzen dutela esan daiteke. Bertsolariak Luis Mari Arrieta, Juan Mari Irastortza, Aitor Irastortza, Joana Ziganda, Arkaitz Goikoetxea, Maddi Urra eta Joxe Mugiro dira. Beste lau lagun aurkezle lanetan trebatzen ari dira, eta beste bost antolatzaile lanetan, hauen artean Felipe Uriarte mendizale beterano ezaguna. Lizarratik igo direnak Ekhiotz Prieto, Pello Etxaniz, Ander Aranburu, Egoitz Galarza eta Aitor Irazustabarrena dira, bertsolariei dagokienez. Aurkezle batek eta bi antolatzailek osatzen dute «Lizaharrak» taldea.

Kirolean bezala, bertsolaritzan ere jauziak egiten dira goraka, norberaren talentuaren arabera. Baina ez da talentu kontua bakarrik, prestaketa ere ezinbestekoa da, eta horretarako daude bertso eskolak. Zera gertatzen da, ordea, bertso eskolatik Nafarroako Banakako Txapelketarako jauzia oso jauzi handia dela. Gauza bat da irakaslearen eta taldekideen aurrean bertsotan hainbestean moldatzea, eta beste bat jendaurrean aritzea, horrek ematen duen errespetuarekin. 

Presiorik gabe, lagunartean

Bada, lubaki hori hain handia gerta ez dadin, Bardoak ekimena sortu zen, bertso eskoletan aritzen diren gizon-emakumeek (helduentzako da) jendaurrean kantatzen hasteko aukera izan dezaten. Baina ez presiopean, ez puntuak pilatzeko asmoarekin, baizik eta lagunartean ondo pasatzeko, bertso txukun batzuk botatzeko eta poliki poliki plaza-gizon eta plaza-emakume gisara zailtzen joateko. 

Bete da Txirrika. Adin guztietako entzuleak bildu dira, bai ume eta nerabeak eta bai aitona txapeldunak eta amona airosa askoak ere. Batzuentzat euskara ama hizkuntza da, etxeko sukaldean ikasi eta erabat menderatzen duten hizkuntza, eta beste batzuentzat eskolan ikasitakoa, baina hauek ere ez dute aho bizarrik euskaraz suelto mintzatzeko. Bertsolarien artean ere, beste hainbeste; Larraun eta Lizarra ez dira berdinak, baina euskararenganako maitasunak batzen ditu mendi arte honetakoak eta lautadakoak. Bitxikeria bat: entzuleen artean dago Joxe Fermin Argiñarena, errazkindarra, Nafarroako Txapelketa 1986an eta 1990ean irabazitakoa. 

Ekhiotz da Lizarratik igo direnetako bat. Jaiotzez Oteitzakoa da, eta herri horretan beti egon da abesteko ohitura, baina jotak, eta gaztelaniaz. Ekhiotz ere horretan aritzen zen, jotak inprobisatzen, baina Lizarrako ikastolan bertsolaritzaren berri izan zuen, eta ordutik gustatu izan zaio hitzaren kirol nazionala. Duela hiru urte bertso eskola jarri zen martxan Lizarran, Aitor Irazustabarrenaren ekimenez, eta izena eman zuen Ekhiotzek. Gaur egun hamar lagun aritzen dira helduen bertso eskolan, eta umeena ere badago; talde bat Lizarra ikastolan eta bestea Remontival ikastetxe publikoan. Gero eta hobeto moldatzen da bertsotan Ekhiotz eta hara non gaur «Lizaharrak» taldeko kide dugun Errazkinen. 

Larraun-Araitzekoen artean dago gaurko emakume bertsolari bakarra, Joana Ziganda. Larraungo bertso eskola duela zazpi urte hasi zen, eta hor dabil Joana, astean behin lagunekin bilduz bertsotan trebatzen. Eskola honetan ere hamar ikasle dira, horietatik hiru emakumeak. Taldekideek bezalaxe, kapela jantzi du, agurreko bertsoak kantatzeko musikak hala eskatzen baitu.

Ariketak, multzoka

Bardoen ariketak multzoka banatuta daude eta bertsolari bakoitzak ezin du multzo bereko ariketa bat baino gehiago egin. Lehenengo faseari dagokionez, denetarik egin beharra daukate, hasi talde osoaren agurretik eta egoera emanda puntutako saioraino. Tartean, binaka gaia emanda, bakarka gaia eta oinak emanda, banaka zortziko txikian, binaka egoera emanda… Bigarren fasean tabu jolasa sartzen da, hau da, hirunaka arituta, galde-erantzunean aukeratutako hitza asmatu behar dute bi kidek, hirugarrenak erantzunetan hiru hitz ezin erabilita. Finalean ofizioka ere aritu beharko dira.

Bi taldeek ere agur ikusgarria egin dute, musikaz lagunduta, eta entzuleek txaloka hartu dituzte. Ondorengo ariketak gorabeheratsuagoak dira, baina orokorrean maila polita eman dute bertsolariek Errazkinen. Azkenean, eta emaitza gutxienekoa bada ere, bertako taldea irabazle, «Larraun da Araitz. Bi dozena». Aurreneko fase honetako saioetan irabazle suertatu dira, halaber, Lesakako «Unibertsolariak», Zaraitzu ibarreko «Amortziaren eliobak», Baztan-Malerrekako «Adams familia», Berako «Ibardin: hiru ta lau dira zazpi» edo Sakanako «Sakana zart», baina oraindik saio asko falta dira sailkapena zehazten hasteko. 

Sentsazioa baloratzea

Sailkapena aipatuta, epaileak nortzuk izaten diren eta nola puntuatzen duten azaldu behar. Esan dugun bezala, auzolana da Bardoak ekimenaren ezaugarrietako bat. Eta hori oso argi ikusten da epaileei dagokionez. Izan ere, saio bakoitzean zazpi epaile izaten dira; beste taldeetako bi kide eta entzuleen artean zoriz aukeratutako bost lagun. Bertsolaritza artea denez, eta ez zientzia, subjektiboa da nor baino nor hobeto aritu den esatea, eta zazpi epaile hauei eskatzen zaiena ez da puntuak ematea, baizik eta norberari bertsolariak eta bertsoak utzi dion sentsazioa baloratzea. 

Nola neurtu, ordea, sentsazioa? Bada atal batzuei erreparatzea gomendatzen diete antolatzaileek epaileei. Gaiari modu egokian heltzea, euskararen aberastasuna eta zuzentasuna, neurri, errima eta oinen erabilera, bertsolariak hartzen duen denbora, eta entzulearekin duen komunikazio gaitasuna, hauek dira kontuan izateko bost atalak. Ariketa bakoitzean ondoen zein aritu den adierazi behar dute epaileek plantilla batean, hari dagokion laukian X bat jarriz eta bestearena hutsik utzita. Bata ala bestea aukeratu behar da derrigorrez, ezin da hutsean utzi ezta berdinketa eman ere.

Interesgarria izan daiteke Bardo taldeak non osatu diren Nafarroan barrena. Bada, Iruñeak eta Barañainek hiruna eman dituzte, Sakanak bi, eta bana Baztan-Malerrekak, Leitzak, Berak, Larraun-Araitzek, Lizarrak eta Lesakak. Pirinioetako talde bat ere ari da, eta beste bat Hendaia, Auritz eta Lesaka artean osatu da. Helduen bertso eskolak hogei inguru dira Nafarroan, eta beste hainbeste umeenak.

Taldeetan beteranoak eta gazteak nahasita aritzea da Bardoen beste ezaugarri bat. Dagoeneko eskarmentua daukatenen artean, Julen Zelaieta, Eneko Lazkoz edo Kristiñe Txoperena aipatu daitezke. Horien itzalean aritzea onuragarria izango da, zalantzarik gabe, ibilbidea hasi berria duten kantukideentzat. Lehenengo fasea joan den aste-bukaera honetan bukatu da, bigarrena martxoaren 2tik 11ra izango da, sei saiorekin, eta final handia, esan bezala, martxoaren 24an Lekunberrin.