naiz
Baiona

Elkarretaratze iraunkorra bihar Baionan, Ion Paroten askatasun eskariaren erabakiaren harira

Elkarretaratze iraunkor bat antolatuko du bihar Bagoazek, Ion Kepa Parot euskal preso politikoak egin duen bostgarren baldintzapeko askatasun eskariaren erabakia emanen dutela baliatuz. Elkarretaratzea Lesseps kaian eginen dute 13:00etatik 17:00ak bitarte.

Ion Kepa Paroten askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea burutu zuten Baionan abenduaren 21ean. ©Bob EDME.
Ion Kepa Paroten askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea burutu zuten Baionan abenduaren 21ean. ©Bob EDME.

Bihar jakinaraziko du Dei Auzitegiak Ion Kepa Parot euskal preso politikoaren baldintzapeko askatasun eskariaren inguruko erabakia. Abenduaren 21ean aztertu zuten auzia eta, erabakiaren zain, elkarretaratze iraunkor bat deitu du Bagoazek.

Parot, Xistor Haramburu eta Jakes Esnal presoekin batera, bizi osorako zigorrera kondenatu zuen Parisko epaitegiak. «Gizon hauek frantziar Estatuko edota espaniar Estatuan existitzen diren kondena zorrotzenak bildu zituzten eta 2017ko apirilan, haien 28. presondegi urtea hasi zuten», ekarri du gogora Bagoazek.

Orain arte egindako askatasun eskari guztiak atzera bota ditu epaitegiak eta, Bagoazek salatu duenez, «argudio politiko eta ez jurikoetan oinarrituz» hartu dira erabaki hauek. Biharko erabakiaren zain, prokuradorearen «jarrera lotsagarria» azpimarratu du mugimenduak. Zentzu horretan nabarmendu ditu Ion Kepa Paroten aurka erabilitako argudioak. «Ionek desorden publiko larria sortzen ahal duela, Baionatik sustengua jasotzen duela, bere aldeko mobilizazioak antolatu phi direla, leporatutako ekintzen larritasunak bizi osorako zigorra dakarrela eta epaileak ez daudela hor amnistiatzeko».

«Nola ote da posible ETAren armagabetzea eta Pariseko mobilizazioaren ostean, horrelako argumentuak entzutea auzitegi batean?», galdetu du Bagoazek. «Hitz hauek, argi eta garbi, bake prozesuaren kontrako eraso bat dira». Honen aurrean, mobilizazioetan parte hartzeko eta bake prozesuan aurrerapausoak emateko deia egin diote gizarteari.