NAIZ
BILBO

Gizon eta emakumeen arteko soldata desberdintasuna urtean 7.500 eurotik gorakoa da EAEn

Soldata arrakalak emakume eta gizonen arteko berdintasunik eza «betikotzen» duela azpimarratu du Emakundek. Desberdintasun hori Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban urtean 7.551 eurokoa dela gogoratu du erakundeak.

Bihar Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Eguna dela baliatuta, Emakundek salatu du soldata diskriminazioa dela desberdintasuna eragin eta «betikotzen» duen faktoreetako bat.

Hain zuzen, EAEri dagokionez, soldata diferentzia hori urtean 7.551 eurokoa dela baieztatu du Emakundek, Espainiako Estatistika Institutuaren datuak oinarri hartuta. Langile bakoitzeko bataz besteko irabazia 31.088 eurokoa da gizonen kasuan eta, emakumeenean, aldiz, 23.537 eurokoa. Gainera, diferentzia handienak zerbitzuen sektorean ematen dira, hain justu, emakume gehien duen sektorean.

Era berean, Emakundek salatu duenez, «lanpostuen bereizketa bertikal eta horizontalak zenbait lanpostu konkretuetara bideratzen du emakumea edo lidergo postuetara heltzea eragozten dio». Ondorioz, «emakumeak ugarien diren hainbat lanpostu daude eta ordainsaria eskasagoa izaten da hauetan».

Erakundeak nabarmendu du sarri emakumeek malgutasun handiagoko lanpostuak aukeratzen dituztela lanean eta familian dituzten eginbeharrak orekatu ahal izateko, horrek zereginen bereizketa hori «indartzen» duelarik.

EAEren kasuan, zatikako kontratua duten lanpostuen %80 baino gehiago emakumeek betetzen dituztela adierazi du Emakundek.

Oraindik ere familia eta etxeko lanak portzentaje handi batean emakumeei egokitzen zaizkiela gogoratu du Emakundek eta horrek sarri emakumeari lan munduan berdintasunez lehiatzeko aukera galarazten diola.

Aurten aurkeztuko den Berdintasunerako VII planaren helburu zehatzen artean soldata arrailaren murrizketa dagoela azaldu du erakundeak. Horrekin batera, Emakundek enpresak laguntzen ditu emakume eta gizonen berdintasunerako diagnostikoak eta planak landu ditzaten, soldata arrailari buruzko ikerketak egiten ditu, sentsibilizazio kanpainak eta Lan Ikuskaritzarekin harremanetan lan egiten du, baita Euskalitekin, «gestio aurreratuan genero ikuspegia txertatzeko eta gizartearen antolaketan aldaketak egiteko».