NAIZ
DONOSTIA

Kultura politikoari buruz idazten ari den lan mardularen lehen alea aurkeztu du Pako Letamendiak

Antzinarotik hasi eta gaur arteko bidea eginez, kultura politikoari buruzko tratatua idatzi nahi du Pako Letamendia irakasleak. Lehendabiziko alea aurkeztu du orain. 400 orrialdetan zehar Grezia, Erroma, Kristautasuna eta Erdi Aroa aztertzen ditu.

Iñaki Soto, Pako Letamendia, Garbiñe Biurrun eta Antxon Lafont, liburuaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Iñaki Soto, Pako Letamendia, Garbiñe Biurrun eta Antxon Lafont, liburuaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Erreferentziazko obra egin nahi du Pako Letamendiak, gaur egun argitarapenen eta baita akademian ere kontrakorrontean kokatzen den lana. Ziur asko bere bizitzaren azkena izango da, 74 urte baititu honezkero, berak hitzaurrean azpimarratzen duenez. Bere asmoa karreran zehar landu dituen gaiak eta bere interesak uztartuko dituen lan borobila egitea da. Hortik dator izenburua: ‘Cultura política en Occidente. Arte, religión y ciencia’. Ekarpen bat egin nahi du, besteak beste, datozen belaunaldientzat baliagarria izango den lana. 

Lanean beregan ohikoa den ikuspuntu kritikoa mantentzen da. Lanaren asmo politikoa ukaezina da, baina zorroztasun akademikoa ez du baztertu nahi izan. Aldi berean, unibertsitateko maila duen arren, dibulgaziorako testua da; alegia, kultur-oinarri bat finkatzeko pentsaturik dago.

Liburua EHUk argitaratu du, gaztelaniaz. Donostian aurkeztu du Letamendiak, Garbiñe Biurrun epailearekin, Antxon Lafont enpresariarekin eta Iñaki Soto GARAko zuzendariarekin batera. Guztiek lanaren balioa nabarmendu dute, bai Letamendiak egin duen lan itzelagatik, baita idazlanak duen kalitateagatik ere. Plazerez idazten duela argi geratu da aurkezpenean, baita plazera eragiteko asmoz ere.