@gara_miantzi
Donostia

Bost minuturo lan istripu bat gertatu arren, ez da lehentasun politikoa, LABek salatu duenez

2017ko lan istripuen eta lan gaixotasunen txostena aurkeztu du LABek. Bertan agertzen da Hego Euskal Herrian egunero 301 langilek sufritzen dutela lan istripu edo lan eritasunen bat. Egunero 289 lan istripu gertatzen dira, bost minuturo bat, alegia. Eta egunero 12 bat lan gaixotasun sortzen dira eta 12 minuturo langile bati ematen diote baja. Datuok, gainera, izebergaren tontorra baino ez dira, alde batetik lanean sortzen diren min guztiak ez direlako onartzen eta, bertzetik, langileriaren parte garrantzitsu bat kanpoan gelditzen delako, etxeko langileak kasu. 

Xabier Ugartemendia, Garbiñe Aranburu eta Luli Eraso, gaurko agerraldian. (@LABsindikatua)
Xabier Ugartemendia, Garbiñe Aranburu eta Luli Eraso, gaurko agerraldian. (@LABsindikatua)

Hego Euskal Herrian 54 langilek galdu zuten bizia lan istripuz 2017an, eta aurten jada 11k. LABek gaur goizean aurkeztu duen txostena izugarria da: bost minuturo lan istripu bat, zazpi egunean behin ezbehar hilgarri bat, egunero 123 pertsonari ematen diote baja… Eta egoera txarrera doa. Azken bost urteotan, hau da, 2013tik, lan ezbeharrak 13.000 inguru handitu dira. Hildakoen %27k azpikontrata batean lan egiten zuten eta %40k industria sektorean. Kontuan hartu behar da langile gutxiago ari dela lanean eta istripu gehiago gertatzen dela.

Sindikatu abertzaleak erantsi duenez, lan istripu larriak ezkutatu egiten dira. «Gizarte Segurantzarekin lankidetzan diharduten mutualitateek gero eta garrantzi txikiagoa ematen diote istripuen larritasunari. Gehienak arintzat jotzen dituzte, Ikuskaritzak larriagoak direla egiaztatu arren». Luli Eraso Lan Osasuneko idazkariak adierazi duenez, garrantzia kentzen diete ezbeharrei, larriak badira ikertu egin behar direlako eta prebentzio neurriak martxan jarri. Hau egiten ez bada, beti izanen da arazo bera.

Gaineratu duenez, estatistikek izebergaren punta soilik islatzen dute. Eritasunei dagokienez, hauek onartzeko epaiketa luze eta bihurriei aurre egin behar diete langileek. Mutualitateek ukatu egiten dute patologien laneko jatorria, enpresen presioa onartuz. Nabarmendu duenez, lan istripuen jokabidea eta Europar Batasun osoko lan gaixotasunak erreferentziatzat hartzen baditugu, emaitza argigarria da: lan istripuetan gertatzen den heriotza bakoitzeko lan eritasunek 18 heriotza eragiten dituzte Europar Batasunean. Hego Euskal Herrian 2017an gertatutako 54 heriotzak 18 aldiz biderkatu behar dira, hortaz, errealitatera hurbiltzeko.

«Eskandalu bat da»

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak hau guztia «eskandalu bat» dela baieztatu du. «Ia istripu eta gaixotasun denak ekidin daitezke. Gaitz sozial bat da eta arduraduna patronala da, instituzioen pasotismoarekin batera». Erantsi du arazoa estrukturala dela eta ez dagoela daturik egoera hobetuko dela errateko. «Atzean dagoen arrazoi nagusia patronalaren diru gosea da», ohartarazi, eta honen langileenganako biolentzia salatu du.

Azaldu duenez, datuak beldurgarriak izanagatik, ez da alarma sozialik pizten eta arazo hau konpontzea ez da lehentasuna agenda politikoan. «Zergatik? Ez dituztelako erantzuleak seinalatu nahi». «Zenbat hildako jasan behar ditugu gutxi batzuek irabazteko?», galdetu eta segidan eman du erantzuna: «Zero».

Sindikatuek protokoloari jarraituz ematen dituzten erantzunez harago, gehiengo sozial baten erantzuna eraiki behar dela defendatu du Aranburuk. Gaineratu du ez dagoela biktimenganako aitortzarik eta erreparaziorik eta hori onartezina dela. Egoera salatzen, borrokan eta mobilizatzen jarraituko dutela segurtatu du, eta honako neurriak proposatu ditu: prekaritatea amaitzea eta enplegua duintzea, enpresen kontrola eta inspekzioak handitzea eta neurri prebentiboak exijitzea, politika publikoak aldatzea eta lan osasunerako eskubidea babestea, eta lan gaixotasunen erregistroa eskatzea.