NAIZ
DURANGO

Landako elkartasunez bete du 40 Minutu Rock jaialdiak

Musikak eta euskal preso eta iheslariekiko elkartasunak bat egin dute beste behin 40 Minutu Rock jaialdian. Milaka lagunek leporaino bete dute Durangoko Landako Gunea.

Landako dantzan, Gatibu taldearen kontzertuan. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Landako dantzan, Gatibu taldearen kontzertuan. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Otsailaren lehen egunetan agortu ziren 40 Minutu Rock jaialdirako sarrera guztiak eta datu horrek jaialdiaren edizio arrakastatsua aurreikusteko aukera ematen zuen. Eta hala izan da. Goizean goizetik jendetza ibili da Durangon eta orduek aurrera egitearekin batera leporaino bete da Landako Gunea.

Tximeleta taldeari egokitu zaio aurtengoan jaialdia irekitzea eta ordutik musikak ez du etenik izan. Revolta Permanent, Estricalla, Sermond's edota Tremenda Jauriak giro bikaina jarri dute Landakon eta ondoren iritsi dira Deskontrol, Gatibu eta Su Ta Gar taldeak. Festak jarraitu egingo du, Glaukoma, Los Zopilotes Txirriaos eta Las Tea Partyrekin. Karpa txikian Gora Etorri, Elepunto eta DJ Alusek izan dute giroa jartzeko ardura.

Jaialdia iritsi aurretik azpimarratu zuten bezala, egun osoan zehar sare sozialetan eta Durangon bertan argi utzi du antolakuntzak ez duela inolako eraso sexistarik onartuko.