Nagore @Belastegi
BARTZELONA

Teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aisialdirako aukerak

Azkenaldian teknologia berriak enpresa munduan sustatzen ari dira, lana arinduko dutelakoan, baina jende arruntak berrikuntzekin ondo pasatzeko xedea dauka. Ehunka eskaintza daude Bartzelonako Mobile World Congressean, baita aisialdirako ere.

Nora joan kontrolatu daiteke globoan ibiltzeko aparailu birtual honetan. (Nagore BELASTEGI)
Nora joan kontrolatu daiteke globoan ibiltzeko aparailu birtual honetan. (Nagore BELASTEGI)

Hain heldua dirudien unibertso batean badago aisialdirako lekua. Esaterako, errelitate handituko jolas ugari aurkitu ditugu, batez ere Montjuiceko 4YFN enpresa berrien topaketan. Suzko arma handi bat jarri dit batek eskuan, eta bere telefonoa txertatu dio. «Botoi hau tirokatzeko da eta beste hau arma mota aldatzeko», esan dit. Ez nekien oso ondo zer egin behar nuen baina nire ingurura begira, pantailan ikusi dut nola dinosauruz inguratuta negoen. Jendea inguruan pilatzen hasi zait, eta ni tiroka ibili naiz hemen eta han.

Errealitate handitutako lehen jolasek kamera bat behar zuten, eta telebistan ikusten genuen geure burua animali zein fantasiazko lekuez inguratuta, baina orain sakeleko telefonoarekin nahikoa da. Pokemon Go jokoak iaz izan zuen bultzadari esker teknologia hau arruntagoa zaigu, baina ez dugu urrutira joan beharrik adibide txukunak aurkitzeko. Izan ere, Durangoko Azokan bazegoen euskal herritar batek egindako ‘Arbi’ liburu sorta. Haurrak liburua irakurtzen duen bitartean, telefonoaren bitartez pertsonaiak mugitzen ikus ditzake, liburu gainean egongo balira bezala.

MWCean ikusi dugun beste atal bat, aisialdiaren barnean beti ere, robotika erraz ulertzeko jolasa izan da. Lego piezekin bateragarria denez, haurrek etxean dituzten sortekin nahastu ditzakete Cubroid markako piezak, pantailak, motorrak, etengailuak edota gurpilak dituztenak. Horiek elkartuz eta telefonoko aplikazioarekin programatuz, agindutako gauzak egiten dituzte.

Nola ez, aisialdiaz ari bagara ezin ditugu ahaztu errealitate birtualean aritzeko betaurrekoak. Edonon daude, eta bakoitzak esperientzia desberdin bat eskaintzen du. Horien artean bat aukeratu beharko banu, bizikletan ibiltzeko bat da. Txirrindulariek entrenatzeko erabiltzen duten arrabola bat da aparailua, non gure txirringa kokatzen den. Zein entrenamendu mota nahi dugun aukeratu dezakegu eta, horren arabera, pantailan zeharkatzen ari garen paisaia agertzen da. Aldapa badator, aparailua bera aldapatsu jartzen da, errepidean beharrean lokatzean ibiltzen bagara bibrazioak nabarituko ditugu, eta eguraldi haizetsua badago ere, tramankuluak haizea botako digu erresistentzia egiteko. Berez arrabola horietan ibiltzea zaila bada, kasu honetan benetako erronka izango da!