naiz
iruñea

Euskara «babestu eta indartzeko» akordioa sinatu dute nafar Parlamentuak eta Euskaltzaindiak

Euskaraz idatzitako testu juridiko zaharren erakusketa bat eta 2018 eta 2019ko udazkenen artean Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira egingo diren ekimenen proiekzioa helburu, nafar Parlamentuak eta Euskaltzaindiak akordioa sinatu dute Iruñean.

Ainhoa Aznarezek, nafar Parlamentuko presidenteak, eta Andres Urrutiak, Euskaltzaindiako presidenteak, euskara «babestu eta indartzeko» akordioa sinatu dute. (Nafar Parlamentua)
Ainhoa Aznarezek, nafar Parlamentuko presidenteak, eta Andres Urrutiak, Euskaltzaindiako presidenteak, euskara «babestu eta indartzeko» akordioa sinatu dute. (Nafar Parlamentua)

Ainhoa Aznarezek, nafar Parlamentuko presidenteak, eta Andres Urrutiak, Euskaltzaindiako presidenteak, euskara «babestu eta indartzeko» akordioa sinatu dute. Akordio honen bitartez, hainbat ekimen bultzatuko dira. Besteak beste, euskaraz idatzitako testu juridiko zaharren erakusketa bat eta 2018 eta 2019ko udazkenen artean Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira egingo diren ekimenen proiekzioa.

Akordioa hiru urterako luzatu dute, eta beste hiru urteetako epeetan luzatzeko aukera mahai gainean jarri dute. Proiektua aurrera eramateko lan-taldeak osatuko dira eta Euskaltzaindiaren izango da hauek koordinatzeko ardura, emaitzak nafar Parlamentuaren esku jarrita. Urtean bitan elkartuko dira jarraipena egiteko.

2015ean lehen akordio bat sinatu zuten, parlamentuko lexikoa onartze aldera. Lan horretan Gasteizko Parlamentuak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar orokorrek ere parte hartu zuten.

Aznarezen hitzetan, «hizkuntza aniztasuna» errespetatzeko aurrera pauso bat da akordio berri hau. «Euskararen irudia zaintzeko eta Nafarroa hizkuntza honen bozgorailu eta ikur bihurtzeko beharra dugu».  Euskal hizkuntza nafar gizartearen «altxor» dela nabarmendu du.

Urrutiak, bere aldetik, akordioaren ardatzak azaldu ditu. «Parlamentuko lexikoan sakontzea, bertan egindako lana Euskaltzaindiaren esku jartzea honek bere lanetan aprobetxatu dezan, testu juridikoak jendartearen eskura jartzea eta Euskaltzaindiaren mendeurrenean, 100 urte eta gero, bizirik dagoela aldarrikatzea».