naiz

113 animalia irudikapen aurkitu dira Atxurra kobazuloan

Euskal Herrian irudikapen gehien dituen santutegi paleolitikoa da Atxurrako leizea, lehen ikerketetan 113 aurkitu ostean. Era berean, artea sortu eta artelanei behatzeari lotutako hiru argiztapen sistema identifikatu dira gutxienez.

Atxurrako leizean aurkitutako materialetako bat. (Bizkaiko Aldundia)
Atxurrako leizean aurkitutako materialetako bat. (Bizkaiko Aldundia)

Diego Garate arkeologoak zuzendu dituen lehenengo bi ikerketen arabera, 113 animalia irudikapen aurkitu dira kobazuloan. Funtsean, bisonteak eta zaldiak ageri dira eta, hein askoz txikiagoan, ahuntzak, uroak, oreinak eta abar. Hortaz, Euskal Herrian irudikapen gehien dituen santutegi paleolitikoa da.

Bertan giza jarduera egon zela egiaztatzen duten beste froga batzuk ere topatu dira, hala nola silexeko zulakaitz bat, silexeko xafla batzuk eta hareharrizko lanpara bat. Pieza horiek Arkeologi Museoan izango dira ikusgai hilabete honetan zehar, apirilaren 17tik 29ra bitartean, ‘Museoa piezaz pieza’ programaren baitan.

Atxurra historiaurreko santutegia 2015eko irailaren 25ean aurkitu zuten Garatek eta Iñaki Intxaurbe espeleologoak, lehenak 2014tik zuzendutako indusketa arkeologikoko proiektuaren baitan.

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, «Atxurran apaindutako panelei lotutako froga arkeologikoak aztertu, erregistratu eta industearen ondorioz, gizarte paleolitikoen prozesu artistikoari buruzko informazio paregabea lortu da». Silexeko pieza mikroskopioz aztertzearen ondorioz, «artistek beren artelanak sortzeko zer lanabes erabili zituzten jakin dugu: nondik atera zituzten lehengaiak, nola sortu zituzten lanabesak eta nola aplikatu zituzten horik hormen kontra».

Bestalde, kobazuloan 500 ikatz hondakin aurkitu dira eta laborategian aztertu egin dira. Horri esker jakin da zer argiztapen baliatu zuten artistek kobazuloan sartzeko, artelanak egiteko eta, nola ez, horiei behatzeko. Horri dagokionez, «zaldien plataforman» lau argiztapen-gune aurkitu dira, ipuruzko eta haritzezko errekuntza sutegiz osatutakoak. «Bisonteen aretoan», berriz, lanpara mugikor bat aurkitu da, hareharrizko ertza duena eta aldeetako bat hustua duena erregaia han jartzeko. Halaber, apaindutako aretoetan ikatz hondakin ugari aurkitu dira sakabanatuta, eta horiek adierazten dute zurezko zuziak ere erabili zituztela argiztatzeko baliabide mugikor gisa. Hau da, artea sortu eta artelanei behatzeari lotutako hiru argiztapen sistema identifikatu dira gutxienez, eta horiei kobazuloan sakabanatutako ikatza gehitu behar zaie.

Arkeologi Museoan erakusgai jarritako materialak

Bizkaiko Foru Aldundiko Arkeologi Museoan hilero antolatzen duen ‘Museoa piezaz pieza’ programaren barnean, kobazuloan duela 14.000 urte sartutako pertsonek Atxurrako hormetan grabatuak egiteko eta barrutia argitzeko behar izan zituzten tresnak ikusi ahalko dira.

Arkeologi Museora hurbilduko diren pertsonek silexeko zulakaitz bat, bost xafla eta hareharrizko lanpara bat bertatik bertara ikusi ahal izango dituzte apirilean, hilaren 17tik 29ra, museoaren ohiko ordutegian (asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era, eta igandetan, 10:30etik 14:00etara).