naiz
Donostia

Metro pasantearen kontrako hainbat ekimen antolatuko dituzte datozen egunetan Donostian

Satorralaiak deituta, 10 orduko enkartelada egingo dute Donostiako udaletxearen aurrean datorren asteartean, gipuzkoar hiriburuko metro pasantearen aurka antolatu dituzten ekintzen artean. Hainbat kirol ekintza eta poteo bat ere iragarri dituzte asteburu honetarako. Ekimen guzti hauek ekainaren 2an ‘Metroa berehala gelditu! Donostia ez zulatu!’ lelopean egingo den mobilizazioaren aurrekari dira.

Satorralaia mugimenduak Donostian egindako aurreko mobilizazio bat. (Gorka RUBIO/FOKU)
Satorralaia mugimenduak Donostian egindako aurreko mobilizazio bat. (Gorka RUBIO/FOKU)

Asteartean, maiatzak 29, Donostiako metro-pasantearen aurka 10 orduko enkartelada bat egingo du Satorralaia bizilagunen mugimenduak gipuzkoar hiriburuko udaletxearen aurrean hainbat talde sozial eta erakunderekin batera. Hilaren 29an, 2015 urteko udal eta foru hauteskundeen hirugarren urteurrenean, EAJren garaipenak eta PSErekin izenpeturiko koalizio gobernuak metroaren pasantea eraikitzeko proiektua «berrabiatzea ekarri zuela» salatzeko elkartuko dira.

«Geroztik, metroaren auzian bistan dago Udalak ez ditu bizilagunak defendatzen, Lakuaren eta azpiegitura erasokor hau sustatzen duten lobbie ekonomikoen interesak baizik», salatu dute ohar baten bidez.

Baina ez da hau datozen egunetarako antolatu duten ekimen bakarra. Larunbatean hainbat kirol ekimen eta lipdub bat ere iragarrita dute. Igandean, maiatzak 27, era berean, biziketa martxa egingo dute 11:00etatik aurrea. Hirian barrena itzulia egin eta datorren ekainaren 2an ‘Metroa berehala gelditu! Donostia ez zulatu!’ lelopean egingo duten manifestaziora deia egiteko baliatuko dute.