@belastegi
Donostia

Euskal Herriko azpiegitura turistikoen bilatzailea eta mapa eskuragarri daude online

Turistek Euskal Herriaren osotasunaz jabetzeko mapa bat atera du Gaindegiak, turismo bulego zein establezimentuetan zabalduko dituztenak. Bertan Euskal Herriari buruzko informazio objektiboa txertatu dute, hainbat leku bisitatzeko gomendioekin batera baina ohikoenak diren horietaz aparte bestelakoak ere aipatuz. Era berean, Euskal Herriko azpiegiturak online kontsultatzeko tresna bat abiarazi dute, pixkanaka hobetu nahi dutena.

Esnaola eta Aiestaran paperezko mapa erakusten, atzean katalogoa dutela. (Gorka RUBIO/FOKU)
Esnaola eta Aiestaran paperezko mapa erakusten, atzean katalogoa dutela. (Gorka RUBIO/FOKU)

Gaindegiak bisitariei zuzendutako Euskal Herriko azpiegitura turistikoen bilatzailea aurkeztu du gaur goizean. Horrekin batera, turismo bulegoetan zein estabezimenduetan banatuko dituzten mapak ere sortu dituzte. Gaindegiako koordinatzailea den Imanol Esnaolak maparen berri eman du; udazkenean aurkeztu zuten mapa handiaren bertsio sinpletua da. Tamainaz txikiagoa eta erabilgarriagoa da, baina ez dira Euskal Herriko udalerri guztiak agertzen. Hamar puntu zehaztu dituzte, turistentzat interesgarriak izan daitzkeelakoan, eta atzealdean horien inguruko informzioa eskaintzen dute, baina inguruan ere zer bisitatu daiteken azaltzen dute. Adibidez, Gasteizera doan turistari gertu Otxandio, Zuia, Añana, Kanpezu, Guardia, Labastida edo Gorbeialdea dituela adierazten zaio.

Horrekin batera, atzerritarrari Euskal Herria zer den eta honen inguruko informazio objektiboa azaltzen zaio, ingelesez, aurreiritziak alde batera utzi ditzan. Era berean, EAEko, Ipar Euskal Herriko zein Nafarroako turismo bulegoetako webguneetara bideratzen duten QR kodeak txertatu dituzte. «Euskal Herria herri zatitua denez, informazioa zatituta egon ohi da. Turistek Euskal Herria zer den jakiteko baliabide gutxi daude, eta turismo bulegoetako profesionalek ere ez dituzte tresnak», aipatu du Esnaolak.

Maparen egile Mikel Aiestaran kartografoa online dagoen azpiegitura turistikoen bilatzaileari buruz mintzatu da (www.euskalherrikomapa.eus). Deskargatzeko mapak badaude ere –aurkeztu dutena barne– katalogoan bilaketak egiteko ez da inolako aplikaziorik behar, eta webgunetik bertatik nabigatu daiteke. Maparen fondo desberdinak hautatu daitezke, erabiltzailearen gustuaren arabera, eta zoom egin daiteke ondo behatzeko.

Momentuz turismo bulegoak, museoak, lotarako lekuak –hotelak, kanpin zein autokarabanentzako aparkalekuak–, osasun zentroak edota Udaltzaingo eta Polizia non dauden agertzen da. GPSa piztuz gero, non gauden esango digu, eta leku batetik bestera joan nahi badugu ibilbidea emango digu. Etorkizunean katalogo hori zabaltzeko intentzioa dute, azokak, salmenta zuzeneko ekoizleak, hondartzak, arkitektura eta munumentu-multzoak, jatetxeak edo herriko jaiak zehaztuz.

Momentuz, beta bertsioa konpontzeko lanetan ari dira, eta akatsen bat balego jakinaraztea eskertuko luketela esan dute. Era berean, ingelesezko bertsioa ere prestatzen ari dira, aurretik aipatu mapa bezalaxe, turistentzat erabilgarria den tresna bat izatea espero baitute.