naiz

Bea Ilardia eta Jone Goirizelaia izanen dira EH Bilduren hautagaiak Bizkaian eta Bilbon

Bea Ilardia abokatua izango da EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburua eta Jone Goirizelaia Bilbokoa 2019ko udal eta foru hauteskundeetan. Asteburuan zehar egindako bozketan Bea Ilardiak bozkatzaileen %68ren babesa jaso du eta Jone Goirizelaiak, berriz, %75,99rena.

Bea Ilardia, artxiboko irudian. (Jon HERNAEZ/FOKU)
Bea Ilardia, artxiboko irudian. (Jon HERNAEZ/FOKU)

Bea Ilardia galdakaoztarra izango da 2019an egingo diren foru hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburua Bizkaian. Asteburuan zehar EH Bilduko kideek hautagaia nor izango den aukeratzeko bozketan parte hartzeko aukera izan dute eta Bea Ilardiak parte hartu dutenen %68aren babesa jaso du. Arantza Urkaregik berriz, %30’12arena.

Emaitzak gaur arratsaldean eman ditu ezagutzera koalizioak, EH Bilduren Hauteskunde Jarraipen Batzordeak «barne-prozesua gardentasunez egin dela» egiaztatu ondoren.

Bilbon, Jone Goirizelaia

Bilbon, berriz, Jone Goirizelaia izango da 2019ko Udal hauteskundeetarako hautagaia. Goirizelaiak %75,99ko babesa jaso du. Joana Marcoartuk, berriz, %16,17koa. Bozketa hiru egunez luzatu da eta EH Bildun izena eman dutenek bozka telematikoki edo modu presentzialean emateko aukera izan dute.

Koalizioak jakinarazi duenez, Bizkaian erroldatutakoen %44ak bozkatu du eta Bilbon ia %50ak. EH Bilduren ustez «lehen aldiz abian jarri den hautagaiak aukeratzeko barne-prozesua proiektua sendotzeko urrats bat gehiago izan da».

Azken asteetan EH Bilduk ezagutzera eman ditu 2019ko udal eta foru hauteskundeetan hiriburuetan eta Nafarroan, Gipuzkoan, Araban zein Bizkaian izango dituen zerrendaburuak.