NAIZ
DONOSTIA

Iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko ekimena egingo dute uztailaren 7an Orion

‘Bada garaia. Iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria’ goiburupean ekimena egingo du Orion Kalera Kalera dinamikak. «Exilioa eta deportazioa kondena latzak» direla azpimarratu dute uztailaren 7ko hitzorduaren aurkezpenean. 

Iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko ekimenaren aurkezpena Orion. (Gorka RUBIO/FOKU)
Iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko ekimenaren aurkezpena Orion. (Gorka RUBIO/FOKU)

Hainbat iheslari ohik agerraldia egin dute Orion, uztailaren 7an aldarrikapena eta udako giroa uztartu nahi dituen ekimenean parte hartzeko deia egiteko. 

‘Bada garaia, Iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria’ goiburupean egingo den ekimen horren baitan, ibai jatsiera egingo dute zenbait ontzitan, iheslari eta deportatuen itzulera irudikatzeko. 

Aizpea Ubegunek hartu du hitza aurkezpenean eta azpimarratu du «premiazkoa» dela iheslari, deportatu eta presorik gabeko Euskal Herria lortzea.

Jose Domingo Aizpurua iheslari ohiak azaldu du erbestean daudenen errealitatea sarri ez dela ezagunegia. «Jende askorentzat errepresoari ihes egitea lortu dutenak dira. Exilioa eta deportazioa kondena latzak dira, bukaerako data ez duten kondenak», esan du Aizpuruak eta gogoratu du 1960ko hamarkadatik hona 2.500 euskal herritar baino gehiagok jo behar izan dutela erbestera.

Gaineratu duenez, «epe horretan 271 estradizio egin dira, 382 entrega eta 74 deportazio. Guztira 84 lagun hil dira ihesean edo deportazioan eta horietatik 27 gerra zikinak eragin ditu». Aizpuruaren esanetan, «errepresioa izan zen ihes egiteko arrazoia, errepresioa izan da ihesean jasan dutena. Eta errepresioa da askotan ihesa bukatzeko modua». 

2013an Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Biarrizko Adierazpena kaleratu eta ahal izanez gero itzultzeko erabakia hartu zenetik 150etik gora izan dira etxerako bidea egin duten iheslariak. 

Bide horretan «sakondu» ahal izateko, hainbat pauso «oso erraz» eman daitezkeela esan du Aizpuruak: Auzitegi Nazionalak iheslari eta deportatuen egungo egoera juridikoaren inguruko informazioa beraien abokatuei ez ukatzea, torturarekin «kutsatuta» dauden sumarioak bertan behera uztea, preskripzioaren kontaketa «mendeku eta errepresioaren kriterioarekin» egiteari uztea, «inongo oinarri juridiko eta legalik ez duen deportazioarekin amaitzea» eta, adina eta osasun egoerak hala eskatzen dutenean, iheslari eta deportatuak etxera ekartzea. 

Aizpuruaren esanetan, neurri horiek martxan jarrita iheslari eta deportatuen %80ak etxerako bidea hartuko luke. 

«Orain dela egun batzuk, Pedro Sanchezek esan zuen egoera politikoa ez dela berdina,eta poltika penitenziarioa aldatzeko garaia zela. Egia da. Baita iheslari eta deportatuekiko Estatuak erabili duen politika ere. Hemen planteatu dugun errez aplikatu daiteken neurri batzuk. Inongo aldaketa legalik, inongo negoziazio eta akordio politikorik eskatzen ez duten neurriak dira», adierazi du.