naiz
Bilbo

Liburubila, milaka liburu, ebook, film eta dokumentu historikoren bilatzaile berria

Gaur aurkeztu duten Liburubila bilatzaileak 845.000 liburu, 16.250 liburu digital, 67.267 ikus-entzunezko artxibo, 70.671 audio, 11.000 dokumentu digitalizatu, 4.500 irudi eta ordenagailuko 8.646 artxiboren gaineko informazioa eskaintzen du.

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Liburubila bilatzailea aurkeztu du. (June PRIETO / FOKU)
Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Liburubila bilatzailea aurkeztu du. (June PRIETO / FOKU)

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Liburubila aurkeztu du ostegun honetan, Bilbon, EAEko Irakurketa Sare Publikora, eLiburutegira eta kultur edukien inguruko beste zenbait atarira loturiko bilatzailea. Azaldu dutenez, proiektuaren helburua «erabiltzaileei informazioa eskaintzea, era erraz eta irisgarrian» da.

Eduki digitalen kasuan, Liburubila bilatzaileak horietara berehala jotzeko aukera eskaintzen du. Gainerako edukien kasuan, maileguak ordenagailutik eskatzeko aukera ere ematen du. Joxean Muñoz Lakuako Kulturako sailburuordea eta Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendaria izan dira proiektua aurkezteko arduradunak, EAEko Artxibo Historikoan izandako prentsa agerraldi batean.

Zehazki, Liburubila bilatzaileak 845.000 liburu, 16.250 liburu digital, 67.267 ikus-entzunezko artxibo, 70.671 audio, 11.000 dokumentu digitalizatu, 4.500 irudi eta ordenagailuko 8.646 artxiboren gaineko informazioa eskaintzen du.

Horrela, Liburubila herri erakundeek herritarren eskura jartzen duten «edukien eskaintzaren atea» dela esan du Muñozek. «Bilatzaile honen bidez, zuzenean kontsultatu ahalko dituzte, mailegu bat erreserbatu edo eduki horiek non aurki ditzakegun jakin», gaineratu du.

EAEko Irakurketa Publikoaren Sarea 205 liburutegik eta 304 sukurtsalek eratzen dute, eta horri lotuta dago bilatzailea. Horrela, Liburubilak zuzenean konektatzen du liburutegi horien guztien datu basearekin, bai eta eLiburutegiaren, Liburukliken edo Ondareneten bidez kontsulta daitekeen eskaintza jaso dituen katalogoekin.

Tresna horren bidez, bilaketa aukera desberdinak daude eta funtsak kontsultatzeko aukera ematen du, non aurki daitezkeen, tituluak une horretan maileguan dauden ezagutu, informazioa esteken bidez orientatu, katalogoan sartu diren eta interesekoak diren titulu berriak egiaztatu edo maileguak erreserbatzeko aukera ere ematen du. Eduki digitalizatuen kasuan, Liburubilak sarbide zuzena eskaintzen du horietara, eta erraz lotzen du bilaketa kontsumo digitalarekin.

«Proiektu aitzindaria da Estatuan, eta haren jatorria Finlandian sustatutako antzeko ekimena da. Bilatzaile hau garatzeko, urtebeteko lana behar izan dugu», esan du Muñozek. Liburubila bilatzailea EAEko Irakurketa Publikoaren Sareko liburutegietan erabiltzen ari da dagoeneko, baina herritar orok erabil dezake bere ordenagailutik, tabletatik edo sakelako telefonotik.