NAIZ
DONOSTIA

Gipuzkoako Foru Aldundiak 330 lanpostu eskainiko ditu lehiaketa publikoan datozen hiru urteetan

Gipuzkoako Foru Aldundiak 330 lanpostu aterako ditu lehiaketa-oposizio publikora datozen hiru urteetan. Erakundearen eraldaketa prozesuan «mugarria» izango dela esan du Imanol Lasa bozeramaileak.

Imanol Lasa, Gipuzkoako Aldundiko bozeramailea. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)
Imanol Lasa, Gipuzkoako Aldundiko bozeramailea. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak urrian onartuko du duela hamarkada batetik baino gehiagotik erakunde horrek egingo duen lehen «lan eskaintza publiko masiboa». Hala, hilabete horretan onartuko dute behin betiko 310 lanpostu baino gehiago eskainiko dituen 2018ko lan eskaintza publikoa. Iazkoari dagozkion 21 lanpostuak batuta, 331 aterako ditu lehiaketa-oposizio publikora. Azterketak «pixkanaka» deituko dira datozen hiru urteetan, Imanol Lasa bozeramaileak azaldu duenez. erabakia Aldundiaren eraldaketa prozesuan «mugarria» izango dela nabarmendu du.

Lasaren arabera, EPE horrek ahalbidetuko du, batetik, erakundean profil berriak, gazteak eta talentua txertatzea; «behar-beharrezkoa den belaunaldi erreleboa egitea, alegia». Izan ere, hurrengo zazpi urteetan 900 langilek, hau da, Aldundiko langileen erdia inguruk, erretiroa hartuko du. Helburu horrekin, lehiaketa aldian prestakuntza akademikoa eta hizkuntzen ezagutza balioetsiko dira.

Oinarrietan Administrazio publikoetan lan egindako urte kopurua ere balioetsiko da, bitartekotasun tasa murrizteko xedearekin. Behin-behineko langileek barne sustapeneko deialdietan parte hartu ahal izango dute; 330 lanpostuetatik 40 inguru formula hori baliatuz beteko dira.

EPEak zeharkako lanpostuak hartuko ditu bereziki, hala nola Administrazio orokorreko teknikariak, ekonomialariak, informatikariak, erdi mailako teknikariak eta administrariak (horiek langileen %40 osatzen dute gutxi gorabehera). Balio aniztasun handikoak izanik, Lasak erakundeak funtzionatzeko «bizkarrezurtzat» jo ditu lanpostu horiek.

Horrekin batera, lanpostu espezifiko edo sektorialagoak ere eskainiko dira eta horietarako beste profil batzuk ere beharko dira, arlo hauetakoak, besteak beste: telekomunikazioetako eta bideetako ingeniaritza, nekazaritza, ingurumena, arkitektura, psikologia, erizaintza, kirolak edota gizarte lana. Lanpostuen erdiak baino gehiagok erdi mailako edo goi mailako kualifikazioa izango dute. 

Berrikuntzen artean, lehen aldiz, bereziki buruko desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako hiru lanpostu eskainiko dira.