NAIZ
SORIA

Soriako espetxerik aterata, aske da Jose Javier Oses burlatarra

Askatasuna berreskuratu du Jose Javier Oses euskal preso burlatarrak. 2017ko azaroan Mont-de-Marsanera hurbildua izan ostean, abenduan estraditatu zuten Estatu espainiarrera bertan epaitua izan zedin. Absolbitua izan ostean, larunbat honetan geratu da aske.

Oses, espetxetik atera ostean. (@EtxeratElkartea)
Oses, espetxetik atera ostean. (@EtxeratElkartea)

2007ko azaroan izan zen atxilotua Jose Javier Oses burlatarra. Orduan, beste bost lagunekin batera, kale borroka delituak egotzi zizkieten gatibu hartzeko. 2009an Segiko kide izatea leporatuta auzipetu zuen Audientzia Nazionalak, eta 2012ko urtarrilean geratu zen aske.

2012ko ekainean, baina, Albin atxilotu zuen Polizia frantziarrak Ugaitz Errazkinekin batera, orduko hartan ETAko kide izatea egotzita. 2016ko azaroan zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion Justizia frantsesak.

2017ko azaroan, Mont-de-Marsaneko espetxera hurbildu zuten Oses. Orduan, aipatu espetxean aurkitzen zen euskal preso politiko bakarra zen burlatarra. Euskal Herrira hurbildua izan ostean, Estatu espainiarrera estraditatua izan zen abenduan, bertan epaitua izan zedin. Absolbitua izan ostean, gaur berreskuratu du askatasuna Osesek.