NAIZ
ALTSASU

Altsasu, «Orain presoak» martxaren azken aurreko geltoki

Lan erdiak egin ditu dagoeneko euskal preso politikoei ezartzen zaien urrunketa politikaren aurkako ‘Orain presoak’ bizikleta martxak. Altsasura iritsi da tropela igande honetan, eta astelehenean osatuko dute azken etapa, Zaballako espetxean amaituko dena.

Martxako parte hartzaileak, Altsasun. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Martxako parte hartzaileak, Altsasun. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Bere hirugarren etapa osatu du igande honetan ‘Orain presoak’ bizikleta martxak. Donostian eman dituzte lehen pedalkadak parte hartzaileek, 9.30ean Zuloaga plazatik abiatu direnean. Etaparen lehen zatian, Gipuzkoako hiriburua atzean utzi eta Tolosaldea eta Goierriko herriak zeharkatu dituzte erritmo lasaian eta eguraldia lagun. Arazoak arazo, Ordiziara heldu dira txirrindulariak.

Atzo Errenterian egin moduan, festa giroan murgilduta harrapatu dute parte hartzaileek Ordizia. Hala, Donostiatik abiatutako zein bidean gehitu direnekin pelotoi jendetsua osatu dute; guztiek izan dute ordiziarrek prestatutako bazkariaz gozatzeko aukera.

Txalo zaparrada batekin agurtu dituzte martxako parte hartzaileak Ordizian eta hauek Altsasu aldera abiatu dira. Bidean, Zegaman, geldialditxoa egin dute eta bakoitzak bere erritmoan igo du Oltzarteko portua, gainean guztiak elkartu badira ere.

18.30ean heldu da tropela Altsasura. Herritarren harrera bero baten ostean Inaxio Oiartzabal Sareko kideak herritarrei eta parte hartzaileei eskerrak eman eta Altsasuko herriari herri aktibazioan eredu izana goraipatu die.

Martxako parte hartzaile guztiak oholtzan, Altsasuko gazteen aldeko abestia abestu dute guztien artean. Etapa amaiera guztietan egin duten legez, suziriarekin agurtu dira eta aisialdirako tartea zabaldu dute.