naiz
Pasaia

Badian Bizi koordinadora sortu dute, Pasaiako badiaren inguruko egoera «jasanezina» salatzeko

Lezo, Errenteria eta Pasaiako herritar talde batek Badian Bizi plataforma osatu du, Pasaiako badiaren inguruko «egoera jasanezin, lotsagarri eta anakronikoa» salatzeko.  Donostiako Ingurumeneko Fiskaltzan, osasun publikoaren kontrako delituagatik, salaketa jarriko dute datozen egunetan.

Badian Bizi plataforma aurkeztu dute Pasaian.
Badian Bizi plataforma aurkeztu dute Pasaian.

Abuztuaren 2ko eguerdian Antigua eta Barbudako bandera daraman Christine itsasontzitik deskargatzen ari ziren txatar pilak su hartu zuen Lezoko moilan. Sutea itzaltzeko zortzi bat ordu behar izan zituzten atoiontzietatik ura jaurtitzen aritu ziren suhiltzaileek, eta deskargarako garabia ere erabili zuten badiatik ura atera eta sua itzaltzeko. Gerora jakin izan dugunez, 2.000 tona txatar erre ziren gertakarian eta 21.000 litro ur behar izan ziren sua amatatzeko.

«21.000 litro kutsatu eta zikin horiek inolako tratamendurik gabe zuzenean itsasora isuri ziren berriz badaezpadako inolako neurririk hartu gabe», salatu dute Badian Bizi taldeko kideek. «Zoritxarrez, egunero edo kasik egunero jasan behar izaten baitugu portuak eragiten duen kutsadura, bai airearena, bai zaratarena», gehitu dute.

Era berean, Lakuari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta Lezoko, Pasaiako, Errenteriako eta Donostiako Udalei «gertaera horiek ikertu, errudunak zigortu eta, batez ere, orain arteko egoera jasan ezin hau konpon dezaten» eskatu diete. «Oraindik ez dakigu zein gai isuri eta aireratu ziren abuztuaren 2an, eta ez dugu agintarien aldetik inolako informazio ofizialik izan horren inguruan», eta zuzenean seinalatu dituzte Algeposaren nagusi Maria Luisa Ucinek, Portuko Agintaritzako zuzendari Cesar Salvador eta Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio.

Portua eta bere jarduera ekonomikoa defendatu dituzte, baina «gauzak behar bezala» egiteko beharra nabarmendu dute. «Ez daitezela negozioa eta diru erraza herritarren osasunaren gainetik jarri. Herritarren bizitza, aisia eta portuaren jarduera bateragarri izateko modua bilatzearen alde gaude. Beste edozein ingurunetako herritarrek bezala, aire garbia arnasteko eskubidea dugu badia ingurukook ere».