NAIZ
IRUÑEA

Cheikhounak, jatorri senegaldarreko txantrearrak, Nafarroan jarraituko du

Lan kontratu bat sinatuta bere aurkako kanporatze agindua saihestu ahal izan du Cheikhounak, jatorri senegaldarra duen gazte txantrearrak. Hala, beste bi urtez jarraituko du gutxienez Nafarroan. Hori ospatzeko, festa bat antolatu dute bere lagunek datorren irailaren 1erako.

Cheikhouna, artxiboko irudi batean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Cheikhouna, artxiboko irudi batean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

2015ean atxilotu zuen poliziak Cheikhouna, jatorri senegaldarreko gazte txantrearra, eta bere aurkako kanporatze agindua ezarri zuten. «Ordutik, izugarria izan da jaso duen elkartasun eta maitasuna, momentu on zein txarretan», dio txantrearraren lagunek hedabideetara bidali duten gutunak.

Esaterako, eta Cheikhounak jaso elkartasunaren adibide, auzoko jaiei hasiera ematen dien suziria jaurtitzearen arduraduna izan zela nabarmentzen da gutunean, baita Korrikako lekukoa eraman zuela ere, edota ia 1.000 auzotar inguru bildu zituen elkartasun une baten protagonista izan zela esaten da.

Izan da elkartasun keinurik eremu instituzionaletik ere. Hala, Nafarroako Legebiltzarreko presidente Ainhoa Aznarezen bisita jaso zuen Cheikhounak, baita Iruñeko alkate Joseba Asironena ere. Elkartasun keinu hauek guztiak eskertu dituzte jatorri senegaldarra duen gaztearen lagunek.

2015an atxilotua izan ostean iragan maiatzean jaso zuen kanporatze aginduaren konfirmazioa Cheikhounak. Orduan, mobilizazioak alde batera utzi eta gaztea Nafarroan geratu zedin lan bila hasi ziren bere lagunak, hura baitzen kanporatua ez izateko aukera bakarra. «Gutako edonorentzat lana topatzea zaila bada are zailagoa da paperik ez duen batentzat. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu bere aldeko apustua egin eta lana eskaini dion horri», dio gutunak.

Egun lanean aurkitzen da Cheikhouna eta laster berrituko ditu gutxienez beste bi urtez Nafarroan geratzea ahalbidetuko dioten paperak. Hala ere, egungo lan kontratua amaituta beste lanpostu baten bila jarraituko beharko du etorkizunean gazte senegaldarrak, eta aipatu bi urteko epemuga gaindituta dokumentazio berria aurkeztu beharko du, harik eta nazionalitatea eskatzeko baldintzak betetzen dituen arte.

Cheikhouna, momentuz, Nafarroan geratzen dela ospatzeko, jaia egingo dute datorren irailaren 1ean Txantreako Arriurdiñeta plazan. Bertara gonbidatu nahi dituzte gazte senegaldarraren lagunek hau Nafarroan geratzea posible egin duten horiek guztiak.