Espainiar Gobernuak «kea saldu» duela dio Etxeratek

«Kea saldu du espainiar Gobernuak; euskal gizartearen itxaropenarekin eta senideen sufrimenduarekin jolasten ari da». Hala mintzatu da gaur Etxerat. Ikasturte berri honen hasieran Madrilgo Exekutiboak ez duela «inongo aurrerapausorik» eman baieztatu du, eta «ausardia» eskatu dio, konpromisoak hartu eta horiek betetzeko. Euskal jendarteari, indar politiko eta sindikalei eta instituzioei, aldiz, bertze bultzada bat galdegin die, urriaren 20an Donostian eginen den manifestazioan parte hartzera deitzearekin batera.

@gara_miantzi|Donostia|13/09/2018 12:35
Etxerat
Urtzi Errazkin eta Patricia Velez, Donostian emandako prentsaurrekoan. [Gorka RUBIO/FOKU]

Duela urte bat euskal preso politikoen urruntzeak «senideengan eragiten duen zama arintzeko» konpromisoa hartu zuen frantziar Gobernuak, eta «konpromiso hori aurrera eramaten ari da». Espainiar Gobernuak, ordea, orain 29 urte martxan jarritako salbuespenezko neurria «bere horretan mantentzen du». Irakurketa horixe egin du Etxeratek kurtso politiko berriaren hasierako agerraldian.

Udako balantzearen berri eman du: presoak bisitatzera zihoazela, bost senide eta hurbilekok bi kotxe istripu izan dituzte. Gainera, Algecirasera zihoan senideen autobusa harrikatu dute eta, «ohitura denez, isiltasun mediatiko eta politikoa» etorri da. «Ez dituzte presoak hurbildu; urrunagoko espetxeetara eraman dituzte».

Ohartarazi dutenez, urruntzea ez da soilik 270 euskal preso politikoei eragiten dien neurria; preso ororen hurbilekoengan du eragina eta 4.000tik euskal herritar beren «bizitza kolokan jartzera behartuak izaten ari dira». «16 hildako eragin dituen eta gu guztiok biktima potentzial bihurtu gaituen epaiketa eta epailerik gabe inposatutako kondenaz ari gara».

«Eutsiezinezko egoera»

Etxeratek erantsi du urruntzea ez dela legezkoa eta ez datorrela bat Europako zuzenbide estandarrekin. «Eutsiezinezko egoera eragiten du: sufrimendua eta heriotzak. Biktimazioa eta orain, gainera, berbiktimazioa eragiten du, baina inola ere ez biktimismoa».

Senideen elkarteak ez daki espainiar Gobernuak zeinekin hitz egiten duen, baina eurekin ez. «Ez dakigu norekin erabakitzen duen, baina alde batean uzten gaituzte gure bizitzen gaineko erabakiak hartu bitartean».

«Inmobilismoaren hesia gainditu eta konponbidea lortzea» bultzatzeko manifestazioa deitu du Orain Presoak dinamikak urriaren 20rako, Donostian. Kaleak betetzera animatu dituzte denak.

RELATED NEWS