NAIZ
DONOSTIA

Euskara eta kirola uztartzen dituen Euskal Kirolari proiektua diziplina berrietara zabalduko dute

Denboraldia hastearekin batera, diziplina berrietara hedatuko da Euskal Kirolari proiektua. Iazko udazkenean Lakuak eta Ikom enpresak martxan jarri zuten ekimen honek euskararen erabilera eta kirolaren gaineko euskarazko terminologia zuzena sustatu nahi du.

Euskal Kirolari proiektuaren fase berria aurkezteko agerraldia, Donostian. (IREKIA)
Euskal Kirolari proiektuaren fase berria aurkezteko agerraldia, Donostian. (IREKIA)

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Jon Redondo Jarduera Fisikoko eta Kiroleko zuzendariak aurkeztu dute proiektuaren fase berria, Donostiako CrossFit Zurriola gimnasioan. Haiekin batera, proiektuan parte hartu duten zenbait lagun izan dira: Alex Anasagasti crossfit-eko kirolaria, Felipe Uriarte mendi garaietako gidaria eta euskaltzalea, Odei Jainaga xabalina jaurtitzailea eta Miren Arrieta ‘Goazen!’ telesaileko aktorea.

Ekimena kudeatzen duen Ikom enpresako arduradun Izaro Iraeta eta Egoitz Txurruka ‘Txurru’ aurkezlea ere gimnasioan izan dira, euskararen garrantzia kirolaren munduan azpimarratuz.

«Euskara kirolaren arloan sendo ikusten badugu ere, zenbait gabezia antzematen ditugu, eta uste dugu Euskal Kirolari eta honen moduko proiektuak lagungarriak izan daitezkeela gabeziok gainditzen joateko», adierazi du Jon Redondok.

Halaber, iragarri du iaz aurkeztu zen Euskararen Adierazle Sistemak euskararen erabilera neurtuko duela eskola kirolean eta kirol federatuan, orain arte ez baita egin neurketa zehatzik euskararen erabileraz kirol munduan.

Daturik hurbilekoenak lagunarteko erabileraren gainekoak dira, eta «nahiko positiboak» dira gazteen artean: Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 25 urtetik beherakoen %35ek euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen du esparru informalean eta etxetik kanpo, eta beste %23,5ek euskara erabiltzen du arlo honetan, gaztelania gehiago erabili arren. Hala ere, gazteen arteko ezagutza altua denez, Redondok adierazi du «ahalmena» badagoela «aurrerapauso berriak» emateko.

Euskara kirolaren munduan sustatzeko, gazteen artean bereziki, Euskal Kirolari proiektuak bi ardatz ditu: teknologia berriak eta kirolaren munduan erreferentzia izan daitezkeen pertsonak. Horrela, bideo laburren eta sare sozialen bitartez, kirolari ezagunek euskarak beren kirol jardueran duen pisuaz eta garrantziaz hitz egiten dute, eta terminologiaren inguruko aholkuak ematen dituzte. Ondoren, material hori guztia sare sozialetan, eskola kirolean eta kirol federatuan zabalduko da.

Kirolarien parte-hartzea

Proiektuaren lehen fasean parte hartu zuten Aritz Aranburu surflariak, Mikel Landa txirrindulariak, Nerea Perez San Juan Koxtape Arraun Elkarteko patroiak, Kepa Arrizabalaga futbolariak, Matxalen Ziarsolo eskubaloiko jokalari ohiak, Julen Goia errugbi jokalariak eta Iñigo Martinez futbolariak. Bideo hauek sare sozialetan eta kirolari gazteen artean hedatzen ari dira orain.

Denboraldi berriari begira, Alex Anasagasti crossfit kirolariak, Odei Jainaga xabalina jaurtitzaileak, Esther Arrojeria eskubaloi jokalariak, Asier Garcia gurpildun aulkiko saskibaloi jokalariak, Leticia Canales surflariak, Markel Alberdi igerilariak, eta Helene Alberdi eta Ainhoa Murua triatloilariek parte hartuko dute.

Kirolarien bideoez gain, Euskal Kirolari proiektuak beste bideo bat egingo du Felipe Uriarte mendi garaietako gidari ezagunak zuzentzen duen ‘Oxigeno euskarari, 6.000 metrotan ere’ proiektuaren inguruan, euskara eta mendizaletasuna uztartzen dituen ekimenaren xehetasunak azalduz. Halaber, ‘Goazen!’ telesail arrakastatsuaren aktoreekin ere bideo bat grabatuko da.

Proiektuaren baitan grabatu diren eta grabatuko diren bideo guztiak Euskal Kirolari ekimenaren Youtube-ko kanalean kontsulta daitezke. Facebook eta Instagram sare sozialetan ere mugitzen ari da Euskal Kirolari.

Proiektua kudeatzen duen Ikom enpresatik azaldu dutenez, datozen hilabeteotan «ahalegin berezia» egingo da ekimena eskola kirolean eta kirol federatuan zabaltzeko. «Landu ditugun bideo hauek eskola kirolaren, kirol elkarteen eta kirol federazioen bidez ere zabaldu nahi ditugu, helburua ahalik eta gaztetxo gehiengana iristea baita. Sareetan egingo dugun zabaltze lanaz gain, urriaren 7an Zumarraga-Urretxun ospatuko den Kilometroak jaian ere izango da Euskal Kirolari», adierazi du Izaro Iraetak.