NAIZ
GASTEIZ

Gasteizko Udalak OkupaTU eguna debekatu duela salatu dute

Heldu den urriaren 6an Gasteizen ospatzekoa zen OkupaTU eguna debekatu egin duela salatu du dinamika horrek. Hala Bediren 35. urteurrena, gaztetxearen 30.a, Auzolana pilotalekuaren 10. urtemuga eta Errekaleorren okupazioaren 5. urteurrena ospatzeko antolatu zuten. Udalak debekua ukatu du eta «murrizketa batzuk» jarri dizkiela adierazi du.

OkupaTU Gasteiz egunaren aurkezpena, irailaren 6an. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
OkupaTU Gasteiz egunaren aurkezpena, irailaren 6an. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

OkupaTU Gasteiz dinamikak ohar batean salatu duenez, Udalak debekatu egin du Hala Bedik, gaztetxeak, Auzolanak eta Errekaleorrek urteurren bateratua ospatzeko antolatu duten OkupaTU eguna. Urriaren 6an egitekoak ziren, irrati librearen 35. urtemuga, gaztetxearen 30.a, Auzolanaren hamargarrena eta Errekaleor okupatu zuteneko bosgarren urteurrena elkarrekin ospatzeko.

Oharrean diotenez, joan zen irailaren 6an egitaraua aurkeztu ondoren Udalaren deia jaso zuten, «egun hori ez zela ospatuko iragarriz». Dinamikaren izenaren «aitzakia» jarri zuten debekua argudiatzeko.

OkupaTU Gasteizek «zentsura politikotzat» jo du Gorka Urtaran alkatearen jarrera: «Plan tekniko guztia ondo zegoen, eta baimenak 2018ko apiriletik zeuden eskatuta eta onartuta», azaldu dute.

Dinamika osatzen duten eragileak urriaren 6an zer egin erabakitzen ari dira, «baina OkupaTU Gasteiz eguna egon, egongo da», ziurtatu dute.

Datozen egunotan agerraldia egingo dute adostutakoa azaltzeko, «eskubide urraketa salatzeko, Udalarekin izandako negoziazioen berri emateko eta urriaren 6ko behin betiko asmoak agertzeko.

OkupaTU Gasteiz egunaren egitarauan kontzertuak, haurrentzako jolasak, herri bazkaria, kale animazioa, tailerrak, azoka... eta beste hainbat ekintza iragarri zituzten.

Udalak dio «murrizketak» ezarri dizkietela

Udalak beste ohar bat kaleratu du eta bertan dio «faltsua» dela OkupaTU eguna debekatu duenik, baizik eta «murrizketa batzuk» ezarri dizkiela.

«Espazio publikoaren okupazioa» Gure Txosnak elkarteak eskatu duela, eta haiekin «ekitaldiren bat antolatu nahi duen beste edozein eragilerekin egiten dugun gauza bera egin dugu: murrizketa batzuk jarri», argudiatu du.

Udalak dio ezin duela Alde Zahar osoa okupatzeko baimenik eman, eta jarduerak egiteko baimena eskatu zituzten hainbat leku aurretik beste aktibitate batzuetarako okupatuta zeudela erantsi du. «Kasu honetan posibilistak izan gara eta kontzertu bat egiteko baimena eman dugu Etxauriko lorategietan. Gure Txosnak-ek antolatu dituen beste ekitaldi batzuetan erabili den formula berbera da».