@Ion_Salgado
GASTEIZ

OkupaTu Gasteiz Eguna Udalari «erantzun bat emateko eguna ere izango da»

Hala Bedi, Gasteizko Gaztetxea, Auzolana Pilotalekua eta Errekaleor Bizirik! kolektiboetako kideek salatu dutenez, Udalak ez ditu Okupatu Gasteiz Eguna burutzeko baimenak onartu «okupatu hitzak ilegaltasuna bultzatzen duelako». Dena den, urriaren 6an Okupatu Gasteiz Eguna egin egingo dutela iragarri dute.

OkupaTU Gasteiz dinamikako kideen agerraldia. (NAIZ)
OkupaTU Gasteiz dinamikako kideen agerraldia. (NAIZ)

OkupaTu Gasteiz dinamikan parte hartzen duten kolektiboetako kideek kritikatu egin dute Udalaren jarrera, izan ere ez ditu ditu urriaren 6rako antolatuta dagoen OkupaTu Gasteiz Egunerako baimenak onartu «okupatu hitzak ilegaltasuna bultzatzen duelako».

Hala adierazi dute gazteek prentsaurreko batean. Bertan azaldu dutenez, Alde Zaharreko txoko ezberdinak erabili nahi dituzte OkupaTu Gasteiz Egunean prestatu dituzten ekimenak aurrera eramateko, eta apirilean eskatu zituzten beharrezkoak diren baimenak.

Baina irailaren 6an OkupaTu Gasteiz Eguneko egitaraua aurkeztu ondoren, Udalaren deia jaso zuten. «Gure baimenak atzera bota zituzten, baina euren borondate ona nabarmentzen zuten, Rafa Plaza erabiltzen uzten zigutelako», esan dute ironiaz.

Kolektiboek Iñaki Prusilla Ingurumen eta Espazio Publikoko zinegotzia eta Ainhoa Etxeandia Ingurumen eta Espazio Publikoko zuzendariarekin bildu ziren asteartean irtenbide bat lortzeko, baina Udalak ez zuen bere jarrera aldatu.

«Argudiatu zuten ez zela ‘hiriarentzat ekitaldi bat’, eta ausartu ziren esatera Gasteizen ez dela inoiz egon hainbeste plaza erabili nahi dituen jaialdirik. Ikustekoa zen euren aurpegia beste jaialdi batzuen egitaraua erakutsi genienean: Gaztetxe Eguna, Afonso Alonso Alkatetzean zegoelarik, Piztu Gasteiz, Patxi Lazcoz alkate zela; eta Gora Gasteiz, Javier Maroto Alkatetzan zegoenean».

Hori dela eta, OkupaTu Gasteiz dinamikaren ustez, «argi dago arazo ez dela tekniko batengatik hartzen den erabakia, baizik eta erabaki politiko bat. Ez gaituzte kalean ikusi nahi, eta uste dute boterea dutela kaleak erabiltzeko daukagun eskubidea ukatzeko».

«Eskubide kontua da»

Egoera honen aurrean, OkupaTu Gasteiz Eguna egin egingo dutela nabarmendu dute, eta Udalari «erantzun bat emateko eguna» izango dela argi utzi dute. «Ez dinamikak berak jasandako erasorengatik, baizik eta zentsura politiko hau aurrekaritzat hartu daitekeelako beste herri ekimen eta jaialdietan, eta ez dugu onartuko».

«Eskubide kontua da urriaren 6koa. Kolektiboak ez ginen jaio inoren gustuko izateko. Kolektiboak kaletik eragin eta eraldatzeko jaio ginen, belaunaldiz belaunaldi, kontzertuz kontzertu, erakusketaz erakusketa edota programaz programa. Gasteizek erakutsi du zertarako den gai, eta erakutsiko du berriz», ohartarazi dute.

Dinamikan parte hartzen duten kolektiboak (Hala Bedi, Gasteizko Gaztetxea, Auzolana Pilotalekua eta Errekaleor Bizirik!) atxikimenduak jasotzen ari dira, eta datorren astean «jakinaraziko dugu zein izango den urriaren 6rako behin betiko planteamendua».

Udalak OkupaTu Gasteiz Eguna «hiri ekitaldia» ez dela errepikatu du.