NAIZ
BILBO

Urriaren 6an abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Gernika-Lumoko kanporaketarekin

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa urriaren 6an hasiko da, Gernika-Lumon. Finala abenduaren 15ean jokatuko da, Miribillako Bilbao Arenan.

2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aurkezpena, Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)
2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aurkezpena, Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bilboko hiriburuan aurkeztu dute 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, urriaren 6an Gernika-Lumon abiatuko dena.  

Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale elkarteko lehendakaria, Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragile orokorra eta Ana de Castro Bizkaiko Aldundiko euskara zuzendaria egon dira presente aurkezpeneko agerraldian.

Bost kanporaketa jokatu ostean –Gernika-Lumo, Santurtzi (urriaren 14an), Zornotza (urriaren 21ean), Plentzia (urriaren 28an) eta Berriatuan (azaroaren 4an)–, hiru finalaurreko eta finala etorriko dira. Finala Miribillako Bilbao Arenan jokatuko da, abenduaren 15ean.

Kanporaketetan 30 bertsolari hasiko dira, Udabarriko Fasetik sailkatutako 29, eta 2014an finalista izan zen Oihana Bartra. Horietatik 10 sailkatuko dira finalaurrekoetara, eta han izango dituzte zain 2016ko zortzi finalistak. Finalera 8 bertsolari iritsiko dira.

Sarrerak

Saioetako sarrerak erosteko bi aukera egongo dira, internet bitartez, www.bertsosarrerak.eus atarian, edo saioetako egunetan txarteldegietan, 16.00etatik aurrera.

Saio guztietarako bonoa egongo da eskuragai aurtengoan ere. Bonoak kanporaketa eta finalaurreko guztietarako balioko du, baina ez finalerako.