NAIZ
BILBO

Eskubide Sozialen Kartak bat egin du pentsio duinen alde urriaren 1ean egingo diren mobilizazioekin

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragile sozial eta sindikalek pentsiodunen mugimenduak urriaren 1erako, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunerako, deituak dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileetako ordezkarien agerraldia, Bilbon. (NAIZ)
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileetako ordezkarien agerraldia, Bilbon. (NAIZ)

Kartak biltzen dituen eragileetako ordezkariek azpimarratu dute babesa adierazten dietela urriaren 1erako egindako deialdei, «pentsio publikoen sistema bermatzea langile guztion ardura delako eta oinarrizkoa delako aberastasuna ekitatiboki banatzeko eta euskal jendarte justu eta solidarioa osatzeko».

Egun horretan Bilbo, Gasteiz eta Iruñean egingo dira manifestazioak, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Gipuzkoan egun horretan herrietan egingo dituzte mobilizazioak eta Donostiako manifestazioa urriaren 6rako deitu dute.

«Lortzen ditugun helburuak gure borrokarako ahalmenaren bestekoak izango direla» sinetsita daudela adierazi dute eta, hortaz, euskal jendarteari egin diote kalera atera eta mobilizatzeko deia.

«Gure konpromisoa pentsio duinak izatea izan da, eta izaten jarraitzen du, eta Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenekin bat eginez, gizarte eta osasun zerbitzu publiko eta unibertsalak izatea», gaineratu dute.

Eskubide Sozialen Kartaren arabera, aldarri horien guztien «erdigunean» dago «aberastasunaren banaketa ekitatiboa»: «KPIaren araberako pentsioen rebalorizazioa, gutxienez 1.080 euroko pentsioak, 2011 eta 2013ko pentsioen erreformaren derogazioa, 1.200 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata, soldaten eros-ahalmena berreskuratzea eta prekarietartea areagotu duten lan erreformen derogazioa, soldata arrakalarekin bukatzea, bai emakume eta gizonen pentsioen artekoan ere, lanaren banaketa eta gizarte eta osasun zerbitzu publiko unibertsala sortzea».

Hori dela-eta, pentsiodunen eskubideak bermatuak izan daitezen beraien esku dagoen guztia egiteko eskatu diete euskal erakundeei.