‘Gure oroitzapenak’ batu dituen hamabi zinegileak, Donostian

Joseba Sarrionandia idazle eta poeta iurretarraren unibertso poetikoa oinarri duen ‘Gure oroitzapenak’ film kolektiboan parte hartu duten hamabi zinegileak Donostian izan dira.

Amalur Artola|Donostia|27/09/2018
Gureoroitzapenak
Zinegileak, gaur Zurriolan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

‘Gure oroitzapenak’ lan kolektiboan parte hartu duten hamabi zuzendariak –Fermin Muguruza berandu iritsi da argazkira, baina joatekoa zen emanaldira– batu ditu gaur arratsaldean filmaren lehen emanaldiak. Pelikulak Joseba Sarrionandiaren unibertso poetikoa du ardatz eta, piezaz pieza, puzzle hori osatzeko lanetan jardun dira Josu Martinez, Oskar Alegria, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Özcan Alper, Eugene Green, Maialen Sarasua, Itziar Leemans, Fermin Muguruza, Ane Muñoz, Maider Oleaga eta Carlos Quintela zinegileak. Era batera edo bestera, guztiek dute Iurretako idazle eta poetarekin harremanik eta bakoitzak bere galbahetik pasata osatu ditu filmean bata bestearen atzetik ematen diren piezak: denboran atzera egin eta bere haurtzarora gidatuko gaitu pieza batek, kartzelako patiora bidaiatu eta amari eskainitako poeman barneratu besteak, bada torturaz diharduen zatirik eta baita Sarrionandiaren unibertsaltasuna aldarrikatzen duenik ere. Hori bai, filmeak badu nolabaiteko jarraikortasuna eta ez da zehazten zein pieza osatu duen zein zinegilek, jarraikortasun horren mesedetan.

Hamabiak bildu eta familia argazkia ateratzeko egin duten hitzorduan, NAIZekin proiektuan izan duten partehartzeaz jardun dira zenbait zinegile. Josu Martinezek, esaterako, emakumea eta gerla izan ditu hizpide, Sarrionandiaren bi poematan oinarrituta osatu duen piezan: «Baigorrin girotu dut, baina izan liteke edozein gerratako edozein emakumeren historia. Uste dut Sarriren poetikan oso presente dagoen gaia dela». 

Maialen Sarasuak, bere aldetik, ‘Lagun izoztua’ (2001) eleberriko bi pasarte izan ditu oinarri. «Protagonista dago sekula gertatuko ez den itzulera bati begira; nahiz eta fisikoki itzuli ahalko den agian bere zen etxe horretara, ez da sekula izango joan zen etxe hura. Hori exilio politikoa izan daiteke, Sarriri gertatu zaion bezala, baina beste mota askotako itzuli ezinak ere egon daitezke eta uste dut guztiok ezagutu ditzakegula». Bere zatia zentzu horretan irekia izan dadin saiatu dela azaldu du Sarasuak, eta helburu nagusitzat «sentsazio bat sortzea» izan duela eta «sentsazio hori bakoitzak daukan testuinguruarekin, historiarekin… lotuta, sentipen hori berera ekartzea». 

Bestelako ikuspuntuaz osatu du Carlos Quintela kubatarrak bere zatia. «Habanan bizi nahiz ni ere eta bertatik ezagutzen dut Sarrionandia. Film hau %100ean euskalduna da eta bera ere halakoa dela uste dut, eta hori azaltzen saiatu naiz nire zatian. Habanan bizi diren euskaldun asko jada gure kulturara eginak daude, nolabait esateko, baina berak bere horretan mantentzen du bere euskal izaera hori. Hori da beragatik gehien erakartzen nauena, denborak aurrera egin ahala ere nola mantendu duen bere identitatea», azaldu digu. Espetxetik bozgorailu batean ihes egin zuela gogora ekarri eta, bere zatian, Sarrionandia bozgorailu bilakatu duela: «Bera da bozgorailua. Habanan bizi diren euskaldun askok Martinek, nik izen horrekin ezagutu bainuen, bozgorailu barruan jarraitzen duela esaten dute, eta ezagutu ere horrela ezagutzen dugu: bozgorailu-gizona». Filma ikusteko irrika ere ez du ezkutatu Quintelak: «Ez dut pelikula ikusi eta ez dakit nola lotu diren denon zatiak, horren zain nago».

Gaur, lehen emanaldia. Bihar eta etzi ere izango da ‘Gure oroitzapenak’ ikusteko aukera.

RELATED NEWS