naiz
Bilbo

Realaren apostua nagusi San Mamesen (1-3)

Paritda bizia eskaini dute Athleticek eta Realak San Mamesen. Garitanok, bajak ordezkatzeko, etxeko jokalari gaztez bete du hamaikakoa eta emaitza bikaina eman dio apostuak. Hiru puntu oso garrantzitsu gipuzkoarrentzat eta kolpe handia bizkaitarrentzat. (Partidak utzi dituen zenbakiak).

Reala sendo aritu da atzealdean. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Reala sendo aritu da atzealdean. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Athletic erritmo biziz sartu da partidan, lehen minutuetan Reala bere zelaian itxiz. Hala ere, txuriurdinak serio zeuden atzekaldean eta bizkaitarrek ez dute aukera handirik egiten asmatu.

Minutuek aurrera egin ahala, donostiarrak kobazulotik ateratzen hasi dira eta indarrak orekatzen hasi dira San Mameseko berdegunean. Erritmo altuan jarraitzen zuten bi taldeek, derbi baten gogo berezi horiek bultzatuta. Erritmo horretan etxekoak txartel horiak pilatzen hasi dira. Hala, De Marcos, Susaeta, Iñigo Martinez eta Williamsek txartela zuten ordu erdia bete denerako. Azken biek, partidako lehen jokaldi erabakigarrian ikusi dute. Falta baten ondotik Sangallik buruz errematea egin du eta Iñigo Martinezek hanka asko altxa du. Jokoak aurrera jarraitu du, baina epaileak abisua jaso eta VARean berrikusi ostean, penaltia adierazi du. 11 metrotatik, maisutasunez, Mikel Oyarzabalek ez du hutsik egin.

Realak abantaila hartzen zuen eta kolpea emana zuela pentsa zitekeen, baina Athleticek hori ezeztatu du hurrengo jokaldian. Zelai erditik atera eta aurrera egin dute etxekoek. Hainbat errebote alde izan ostean, baloiak borrokatuz, Muniainek baloia aurkitu du area txikian eta sareetara bultzatu du partida berdintzeko.

Berriz ere hastera eta eskema mantendu egin da. Erritmo handia, baina gol aukera gutxi.

Bigarren zatian ere Athletic nagusitzen saiatu da, baina Reala izan da kolpea ematen asmatu duena. Presioan asmatu du Zubeldiak, baloia lapurtu eta erdiraketa egin du, Sangallik errematean asmatu eta gipuzkoarrak, berriz ere, aurretik jartzeko.

Athleticek, baina, ez du etsi eta beregain hartu du partidaren pisua. Donostiarrak, hala ere, sendo mantendu dira atzekaldean. Goian, borrokan, Bautista mantendu du Garitanok. Eta borrokak saria izan du. Presioa Athleticen arearaino luzatu du aurrelariak eta Yerayren akatsa behartu eta Unai Simonek penaltia egin behar izan dio. Oyarzabalek, berriz ere, gola egin du 11 metrotatik.

Ez du etsi talde bizkaitarrak eta Moyaren atera gerturatu da. Adurizek zulatu ere egin du, baina epaileak jokoz kanpokoa adierazi du. Sufritu gabe, garaipena itxi egin dute gipuzkoarrek.