NAIZ
DONOSTIA

Giza eskubideak, elkarbizitza eta bakea oinarri, ekitaldia egingo dute U-20ko martxaren aurretik

Urruntze politikarekin amaitzeko «herri nahi sendo bat» erakustea da Orain Presoak dinamikak datorren urriaren 20an Donostian egingo den manifestazioari ezartzen dion helburu nagusia. Aurrez, 16.00etan, giza eskubideak, elkarbizitza eta bakea oinarri izango dituen ekitaldi publiko bat egingo dute Miramar Jauregian.

Aurpegi ezagunek eman dituzte urriaren 20ko martxaren xehetasunak. (Jon URBE / FOKU)
Aurpegi ezagunek eman dituzte urriaren 20ko martxaren xehetasunak. (Jon URBE / FOKU)

Iragan ekainaren 2an aurkeztu zenetik hainbat izan dira Orain Presoak egin dituen agerraldi eta ekimenak, besteak beste, herriz herriko aurkezpenak eta urriaren 20ko manifestaziorako deialdiak. Hain zuzen, aipatu ekimenaz xehetasun gehiago emateko agerraldia egin dute dinamikako kideek Donostian.

Estatu espainiarrean eman den gobernu aldaketaz eta honek egungo espetxe politikaren inguruan emandako jarrera aldaketa izan dute hizpide, besteak beste. Horren harira, adierazi dute aldaketa «itxaropenez» jaso bazuten ere bide orri baten falta nabari dutela.

«Euskal presoen euskal herriratzea nola gauzatu asmo duten jakin gabe jarraitzen dute», adierazi dute, gaineratuz «ezinbestekoa» dela urruntze politikarekin amaitzea «elkarbizitzan aurrera urrats sendoak eman ahal izateko».

Zentzu horretan, ekitaldi publiko bat antolatu dute datorren urriaren 20rako, manifestazioaren aurretik egingo dena. Giza eskubideak, elkarbizitza eta bakea izango ditu oinarrian arratsaldeko 16.00etan hasita Miramar Jauregian egingo den ekitaldi publikoak.

Ostean hasiko da manifestazioa. Zortzi metroko oihal bat izango da martxaren aurrealdean eta jendartean alor ezberdinetan egiten duten lanagatik ezagunak diren hamar-hamabost lagunek eutsiko diote honi.

«Espetxe politikaren auzia gori-gorian den honetan eta urruntze politikarekin amaitzeko oinarriak ireki diren aukera berrien aurrean, inoiz baino garrantzitsuagoa ikusten dugu urriaren 20an herritarrak kalera atera eta bide honetan aurrera urratsak egiteko herri nahi sendo bat erakustea», azpimarratu dute.