Bizikidetzan aurrera egiteko iheslarien ekarpena eta beharra aldarrikatu dituzte Tolosan

Iheslarien eguna ospatzen ari dira gaur Tolosan, Kalera Kalera dinamikak antolatuta. Ekitaldi nagusian iheslari eta deportatuak izan dituzte gogoan eta bizikidetzan aurrera egiteko gertatutakoaren «egia osoa» nahitaezkoa dela azpimarratu dute. Coviteko hiru ordezkari ekitaldia oztopatzen saiatu diren arren, antolatzaileek probokazioetan ez erortzeko deia egin dute eta aurrera jarraitu dute.

@iraiaoiarzabal|TOLOSA|08/10/2018 14:00
Iheslariak
Iheslarien egunean Tolosan egindako ekitaldia. (Gotzon ARANBURU / FOKU)

Iheslarien eguna ospatzeko Tolosa aukeratu izana ez da kasualitatea. Laster beteko dira, urriaren 15ean hain zuzen, 35 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu zituztenetik. Tortura gogorrak jasan ostean tiroz hil eta kare bizian lurperatu zituzten Alakanten. Gertakari gogor haiek minez gogoratzen dituzte Tolosan eta gaurkoan gogora ekarri dituzte bi gazte tolosarrak izan baitziren gerra zikinaren lehen biktimak.

Ekitaldi nagusian azaldu dutenez, 60ko hamarkadatik hona 2.500 euskal herritar inguruk ihes egin behar izan dute politika edo errepresio arrazoiengatik. Horietatik 274 espainiaratu dituzte estradizio edo euroagindu bitartez. 384 beste herrialderen bateko poliziengandik espainiar poliziei entregatuak izan dira eta 74 Afrika edo Amerikako herrialdeetara deportatuak izan dira. Hildakoak ere ekarri dituzte gogora, guztira 84 izan baitira deportazioan edo exilioan hildakoak, horietako 27 gerra zikinaren biktima.

Datu horiek eskuan, errelatoaren auziari heldu diote antolatzaileek. Euskal Herrian urte luzez sufritutako gatazkan gertatutakoaren egia aldarrikatu dute, baita biktima guztien aitortza ere. Une horretan agertu dira bertan Coviteko hiru ordezkari kartelak eskuetan, ekitaldia oztopatu nahian. Eszenatokira igotzeko saiakera ere egin dute. Tentsio une batzuk bizi izan dira baina probokazioetan ez erortzeko eskaera egin dute antolatzaileek eta aurrera jarraitu dute. Hainbat komunikabideren aurrean adierazpenak egin ostean, minutu gutxiren buruan alde egin dute Covitekoek.

Itzaletik atera

Ekitaldiari amaiera emateko iheslari ohien talde bat igo da oholtzara. Sufritutakoaren lekukotza eman dute eta aste honetan GARA eta NAIZen argitaratu den Roman Orberen kasua jarri dute adibide gisa. Jon Irazola iheslari ohiak hartu du hitza. Azpimarratu du errepresioak aurpegi asko dituela Euskal Herrian eta «gatazkaren aktualitatea heriotzek eta presoek irudikatu baldin badute ere iheslarien arazoa ilunean eta agenda politikotik kanpo» gelditu dela.

Iheslarien auziari aurre egiteko borondate politikoa beharrezkoa dela gaineratu du. «Non daude ba munduan zehar barreiaturik dauden 70 iheslari ingururen zailtasunak etxeratzeko? Hasteko esan dezagun ez direla ezinbestekoak alderdi politiko edo instituzioen arteko akordioak. Lege arruntean oinarritutako eta zentzuzkoak diren neurriak aplikatuz, bihar bertan egin daiteke. Hau da, lehenik, Madrilgo Auzitegi Nazionalak gaur iheslarien egoera jurudikoaz abokatuei ukatzen dien informazioa zuzen eta oztoporik gabe emanez. Bigarrenik, preskripzio epeak normalean kontabilizatuz, bizitza osorako ihesaldi bilakatzeko helburuarekin luzatzeko trikimailurik erabili gabe. Eta hirugarrenik, torturaren praktikarekin kutsatuta dauden sumario eta dosier juridikoak indargabetuz», azaldu du.

Neurri horiek aplikatuta iheslarien %80k etxera itzultzeko aukera izango lukeela aipatu du Irazolak eta konponbidearen aldeko mezua luzatu du. Baita sufrimendu guztien aitortza eskatu ere: «Herri honek egia behar du. Ez dugu gertatutakoaren ikuspegi bakar eta interesatua onartuko», adierazi du Lakuako Gobernuari erreferentzia eginez. Ekitaldia datorren urriaren 20an Donostian presoen etxeratzearen alde egingo den manifestaziorako deia eginez amaiatu da.

RELATED NEWS