@belastegi
Donostia

Yannis Ritsosen eta Alejandra Pizarniken lanak dakartza Munduko Poesia Kaierak bildumak

Yannis Ritsos eta Alejandra Pizarnik euren hizkuntzetan, grezieraz eta gaztelaniaz, XX. mendeak eman dituen poeta handien artean kokatzen dira. Joannes Jauregik eta Asier Sarasolak euskaratu dituzte, hurrenez hurren.

Joannes Jauregi eta Asier Sarasola, Yannis Ritsos eta Alejandra Pizarniken poemen itzulpenekin. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Joannes Jauregi eta Asier Sarasola, Yannis Ritsos eta Alejandra Pizarniken poemen itzulpenekin. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Aurrerantzean Susa argitaletxeak emango dituen Munduko Poesia Kaierak saileko liburuak binaka aurkeztuko dituztela iragarri dute gaur goizeko aurkezpenean. Era berean, lehen bikotea ekarri dute: Yannis Ritsos eta Alejandra Pizarnik. Greziarra lehena, argentinarra bigarrena.

Ritsosen lan oparoaren bilduma laburtu eta euskaratu du Joannes Jauregik. Honek grezieratik itzuli ditu poesiak zuzenean, beste hizkuntzetako itzulpenez lagundurik. Itzultzaileak esan duenez, Ritsosek konpromiso politiko handia zuen, eta garai hartako Grezian horrek suposatzen zuena kontutan izanik, bere lanetan islatzen da. Aberatsa izandako familia batean jaio zen, eta giro jantzian hezi zen gainbehera etorri zitzaien arte. 16 urterekin umezurtz gelditu eta Atenasera joan zen lanera. Sorkuntza artistiko desberdinetan aritu zen alderdi komunistarekin bat egin zuen arte. Orduan iritsi ziren diktadurak eta gerrak, eta kartzelan zein kontzentrazio esparruetan egon zen preso, tarteka, 65 urte bete zituen arte.

Pizarnik ez zuen espetxean amaitu, baina bai psikiatrikoan. Bizi zen garaiarekin bat ez zetorren eta horrek 36 urterekin bere buruaz beste egitera eraman zuen. Sarasolak azaldu duenez, sortzaile amorratua izan zen bere bizitza laburrean. Hainbat liburu argitaratu zituen, aldizkarietarako ere bere poemak eman zituen eta bere etxean orri pila bat topatu zituzten poemez josiak. Horiek eguneroko bat osatzen dute, baina poesia formatuan.

Zuzenketa eta berridazketa prozesuaren ondorioz, gelditu diren testuak ondo aukeratutako hitzez daude osatuak, ez dago bat ere ez soberan, eta horregatik motel irakurtzeko poemak dira.