NAIZ

Elkartasun eta konplizitate mezua eraman du Independentistak Sareak Lledonerseko espetxera

Igande eguerdi oro Lledonerseko espetxe atarian egin ohi duten elkarretaratzean izan da gaur Txutxi Ariznabarreta Independentistak Sareko eleduna. Hitza hartu du ekitaldi nagusian, eta Kataluniarekiko elkartasun eta konplizitate mezu bat hedatu du.

Jendetza bildu da igande eguerdi honetan Lledonerseko espetxe atarian. (NAIZ.EUS)
Jendetza bildu da igande eguerdi honetan Lledonerseko espetxe atarian. (NAIZ.EUS)

Igandero, 12.00etan, Kataluniako preso eta exiliatu politikoen aldeko ekimena egin ohi dute Lledonerseko espetxean –bertan daude preso Oriol Junqueras, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart, Quim Forn, Raül Romeva, Jordi Turull eta Josep Rull–. Igandero, hizlari ezberdin bat izan ohi dute; Txutxi Ariznabarreta, Independentistak Sareko kidea, izan da gaur mobilizazioa mezuz janztearen arduraduna.

Jordi Pesarrodona Sant Joan de Vilatorradako alkatearen gidaritzapean, eta hainbat aktuazio musikalen ostean, hartu du hitza Ariznabarretak. Bere hitzartzean, elkartasun eta konplizitate mezu bat hedatu du, baita Kataluniako, Euskal Herriko eta munduko preso politikoen askatasuna aldarrikatu ere.

«Eredugarritzat» jo du igande honetan Lledonerseko espetxe atarian egin duten gisako ekitaldiarekin jarraitzea. «Euskal Herrian asko ikasi dugu gauza hauen inguruan, baina eurak ere azkar ikasi dute», adierazi dio NAIZi.

Kataluniako prozesuak aurrera egin dezan «batasuna» aldarrikatu du Independentistak Sareko eledunak, «atzeraezintasunaren umbrala» gainditu dutela eta independentzia denbora kontua dela gaineratuz. Denborak aurrera egiten duen bitartean, baina, Kataluniako herriaren «batasuna, grina eta bizitasuna» mantentzearen alde egin du: «Herriak jarri zuen prozesua martxan eta herriak eramango ditu independentziara».

Atzo, larunbatez, Juan Jose Ibarretxe lehendakariarekin batera hitzaldia eman zuen Ariznabarretak Sant Vicenç de Castelleten ‘Euskadi - Catalunya. Dos camins i un destí: independència’ lelopean.

Goraino bete zen aretoa eta hitzaldiaren ostean 350 laguneko afaria egin zuten.